Aurkezpena Gran Camping Zarautzen egin zen, zirkuituko babesle nagusiaren egoitzan. Zarauzko proba berri hau kanpinaren eta Talai Mendi muinoaren inguruetan izango da. Zarauzko Triatloi Elkarteak bultzatu du ekimena, eta zirkuituko bederatzi probetatik bigarrena izango da.
Zirkuitua Gipuzkoan hasi eta amaituko da. Asteasun hasiko dira lasterketak irailaren 19an, eta Adunan bukatuko da azaroaren 28an. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Zarauzen gain, Bidania-Goiatz herria ere berria da aurten zirkuituan, eta bertako hitzordua azaroaren 21ean izango da.
Aurtengo berritasunen artean, araudiaren aldaketak nabarmendu dituzte antolatzaileek. Orain arte bezala, proba guztiak jokatu beharko dira, baina puntuazio sistema aldatu egin da. Hemendik aurrera, irabazleak 25 puntu eskuratuko ditu, bigarrenak 20, eta horrela hurrenez hurren. Neurri honekin, proba batean parte hartu ezin izan dutenek ere aukera izango dute lehen postuetarako lehian jarraitzeko.
Ohi legez, hainbat mailatan parte hartu ahal izango da duatloi zirkuituan, baita bikote mistoetan ere. Aurten, gainera, zirkuitu osoan zehar bikote mistoen sailkapena ere kontuan hartuko dela zehaztu dute.




