Sutegi liburutegiak bi ekitaldi antolatu ditu ekainerako

Karmele Mitxelenaren liburu baten inguruko solasaldia eta irakurle gazteen topaketa izango dira Usurbilen.

Irudi generikoa liburutegi batean, liburuak, mikrofonoa eta aulkiak.
IA

Irudi generikoa liburutegi batean, liburuak, mikrofonoa eta aulkiak.

Usurbilgo Sutegi udal liburutegiak bi ekitaldi berri iragarri ditu ekainaren hasierarako, udaberriko azken jardueren zikloan. Hilaren 2an, Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburuari buruzko solasaldia izango da, eta bezperan, Yolanda Arrietarekin irakurle gazteen topaketa antolatu dute.

Sutegi udal liburutegiak ekainaren 1ean, astelehenarekin, 16:00etan antolatu du "Sormena partekatuz" izeneko ekitaldia. Topaketa hau Usurbilgo irakurle gazteen artean egingo da, Yolanda Arrietaren gidaritzapean. Urtean zehar gaztetxoen irakurketa-solasaldietan parte hartzen dutenentzako gunea izango da, baina baita plana tentagarri iruditzen zaion edonori ere zabalik egongo da. Saioak ordubete inguru iraungo du, eta bertan, irakurtzeaz gain, idazteko eta marrazteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Bigarren hitzordua ekainaren 2an, asteartean, izango da, 18:30ean. Alaine Agirrek gidatuko duen solasaldian, Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburua izango da hizketagai. Sutegi Liburutegian jada eskuragarri daude liburu honen aleak, saioan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik irakurtzea komeni baita.
Liburutegiak azaldu duenez, "badira urte batzuk haur eta gaztetxoekin irakurketa-solasaldiak burutzen ditugula", eta hainbat liburu landu dituzte, hala nola ZOMORROPOEMAK (Leire Bilbao), GALTZERDI SUIZIDA (Mariasun Landa), TXAN FANTASMA (Mariasun Landa), AITONA FLOREN (Karmele Mitxelena), BIHOTZA DUN-DUN (Miren Agur Meabe), TXOKOLATEGIA (Yolanda Arrieta), MARI XOR (Yolanda Arrieta), EUSKAL HERRIETAKO IPUINAK (J.K. Igerabide) eta SORGINAK (Roalda Dahl), besteak beste.
Ibilbide honetan, "bi talde sendo xamar osatu dira gurean, beti ere, Yolanda Arrieta bidelagun dugula/dutela: LH4-LH5eko bat, eta LH6-DBH1eko bestea". Horregatik, ikasturte hau borobiltzeko topaketa antolatzea erabaki dute, "non irakurri ez ezik, idatzi eta marraztu egingo dugun; hitz batean esateko, sortu".
Parte hartzeko ez da beharrezkoa aurreko irakurketa-solasaldietan egotea. "Gaiarekiko interesa duen edonor etor daiteke lagunartean sortzera eta gozatzera", gaineratu dute.