Lea-Artibaiko eta Busturialdeako eskualdeak lotzen dituen demarcazio teknikoaren dokumentua aztertu ondoren, bertako bozeramaileek bat datoz foru proposamenak ez diela behar bezala erantzuten herritarren benetako mugikortasun beharrei, batez ere trenbide konexiorik ez duen eskualde batean.
Markina-Xemeingo alkateak, Iratxe Lasak, Lea-Artibaiko geografia eta demografia gogorarazi ditu: "25.000 biztanletik gora dituen eskualde bat da, sakabanaketa handia duena, osagai landatarra indartsua eta lurralde historikoko batez bestekoaren gainetik dagoen zahartze-indizea duena. Trenbiderako sarbiderik ez duenez, autobusa garraio publiko estrategiko bakarra bihurtzen da eta ezinbesteko tresna da bere udalerrien kohesio soziala eta ekonomikoa bermatzeko". Gaur egun, eskaintza eskasak herritarrak ibilgailu pribatuaren mendekotasun handia izatera behartzen ditu.
Lasak adierazi du egungo zerbitzuak gabezia asko dituela, batez ere Bilborako edo erreferentziazko ospitaleetarako ordu betetik gorako bidaia-denborekin, eta eskualdeko herrien arteko barne-konexio eskasa dela-eta egoera okertzen dela.
Hori dela eta, mugikortasun jasangarria bermatzeko helburuarekin, EH Bilduko ordezkari lokalek beren eskaerak lehentasunezko jarduketa-ardatz batzuetan artikulatu dituzte.
Lehen eskaeretako bat Bilborako, unibertsitateko campuserako eta ospitaleetarako zerbitzu zuzenen maiztasuna nabarmen handitzea da. Lekeitioko eta Ondarroako terminaletatik abiatzen diren zerbitzuen kasuan, bidaiaren iraupen luzeegiak erabiltzaile potentzialak uxatu egiten dituela diote, eta zerbitzu zuzen hau larunbatetan eta jaiegunetan ere mantentzea exijitzen dute. Era berean, ezinbestekotzat jotzen dute Leioako UPV/EHUko campus unibertsitarioarekin lotzen duen linea zuzena sortzea, ikasleek eguneroko lau transbordo arte egin behar ez izateko.
Usansolo Ospitalerako sarbidea da alegazio-dokumentuko beste puntu garrantzitsu bat, eta bertarako ibilbide zuzena ezartzea eskatzen da. Pazienteei arreta emateko bidaia luzeak, deserosoak eta geldialdi ugari dituztenak ekiditea ezinbestekotzat jotzen dute.
Bestalde, aisialdi eta kontziliazio arloan, gaueko autobus sare zabalago bat antolatzearen premia azpimarratzen dute, ordu horietan garraiorik ez egoteak autoaren erabilera bultzatzen baitu, bide-segurtasuna eta jasangarritasuna arriskuan jarriz. Horrekin lotuta, Diputazioari eskatu diote zuzenean bere gain har dezala jai-garaietan egiten diren gaueko zerbitzu berezien kudeaketa eta kostua, gaur egun Gababus programaren barruan sartuta daudenak.
Eskualdeko udalerrien arteko barne-konektibitatea hobetzeari dagokionez, proposamen tekniko zehatzak aurkezten dira, lehendik dauden ibilbideak malgutzeko. Horrela, Aulesti eta Markina-Xemein arteko linea zuzena ezartzea eskatzen da, edo, bestela, A3922 linea Aulestiraino luzatzea. Aldi berean, A3523 linea Lekeitiotik Ondarroaraino luzatzea beharrezkotzat jotzen da.
Azkenik, instituzioetako ordezkariek eskatzen dute zerbitzuari atxikitako autobus flota osoa egokituta eta irisgarria izatea mugikortasun murrizoa duten pertsonentzat, erabiltzaile guztientzat garraio publikoaren erabilera autonomoa eta segurua bermatuz.
Horrekin guztiarekin, Lea-Artibaikoek Bizkaiko Foru Aldundiari proposamen hauek ahalik eta seriotasun handienarekin aztertzeko eskatzen diote, eta ohartarazten dute ez direla hobekuntza puntualak, baizik eta "etorkizunaren, aukera berdintasunaren eta bigarren mailako lurralde gisa tratatu ezin daitekeen eskualde baten duintasunaren defentsa irmoa".




