Gautegiz Arteagako San Antolin jaiak hasiko dira gaur, abuztuaren 28an, eta irailaren 2ra arte luzatuko dira. Atzoko Gazte Egunaren ostean, herritarrek ekimenez, ospakizunez eta jai giro betez beteriko egunak dituzte aurretik. Gaur arratsaldean, Artie Dantza Taldearen emanaldiak berotuko du aldartea, txupinazoa baino lehen. Ondoren, gazteen frontenis txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte, eta plazara bueltan, Suederren eta Txapela Bravaren kontzertuek girotuko dute gaua.
Larunbatean, Tabernazarre Eguna ospatuko da, eta tortillarik onena nori jakingo da. Lehiaketarako mahaiak eta aulkiak 09:30etik aurrera eramateko aukera egongo da, baina sua ezingo da lurrean egin; barbakoak erabili beharko dira. Arratsaldean, mozorro lehiaketa izango da, eta antolatzaileek musika "goizerako prest" edukitzeko eskatu dute, gehienez minutu eta erdiko iraupena izango duelarik. DJ Markelinen musika saioak biribilduko du eguna.
Igandean, Sustabiz Fundazioko herri kirolarien ikuskizun parte hartzaileaz hasiko dira jarduerak. Ondoren, goitibehera jaitsiera edo mus txapelketa izango da. Azken honetan izena emateko, Egala tabernan egin beharko da, 20 euroren truke, 17:00etatik aurrera. Garaileek batutako diruaren erdia jasoko dute, bigarren sailkatuek %25a, hirugarrenek %15a eta laugarrenek %10a. Egitaraua Demode Quarten ikuskizunak amaituko du.
San Antolin egunean, irailaren 2an, ohiturazko igoera egingo da santuaren omenezko baselizara, herriko txistularien doinupean. Eguerdian jaitsiera herrikoia izango da. Herrigunean, Etxebarria aita-semeek girotuko dute apar jaia. Arratsaldean, esku pilota partiduak izango dira frontoian, Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteko gaztetxoenekin hasita. Elite mailako binakako partida ikusgarria ere prestatu da, Zabalak eta Morgaetxebarriak Muruaren eta Arangurenen aurka neurtuko dituzte indarrak, 18:00etan, Masters Caixabank txapelketaren barruan.
Patrik Saituak, Gautegiz Arteagako alkateak, "belaunaldien arteko topaketa, tradizioaren transmisioa eta jaiak errespetuz nahiz elkartasunez bizitzeko garrantzia" nabarmendu ditu. Herritarrei jaietan parte hartzeko eta tradizioak bizirik mantentzeko deia luzatu die, jaiak "herria egiteko elkarrekin egoteko eta gure ohiturak belaunaldi berriei transmititzeko uneak" direla azpimarratuz. Eraso matxistarik gabeko jaien aldeko dekalogoa ere plazaratu dute.
Gazte Asanbladak ere hainbat jarduera antolatu ditu jai nagusietarako. Gaur, 20:30ean, trikipoteoa eta mahaigainekoa izango dira Egalan. Tabernazarre Egunerako, 01:00ean, DJ Fashion arituko da. Hilaren 31n, "arratsaldepasa musikatua" egingo dute, Mangual binito pintxada tarteko. Irailaren 1ean, berriz, Kontzertu Gaua antolatu dute, Txuleton´s taldeagaz.




