Iratxe Fresneda, Ana Peláez, Varya Yakovleva, Alexe Poukine eta Paola Populin dira aurten ZINEBI – Bilboko Nazioarteko Zinema Dokumental eta Film Laburren Jaialdia ren 68. edizioko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako epaimahaikideak. Bost profesional hauek zinema munduan ibilbide aitortua dutenak, film laburren hautaketa baloratuko dute eta Sail Ofizialeko sari nagusiak erabakiko dituzte.
Aurten, 3.300 proposamen baino gehiago jaso ondoren aukeratutako 49 film proiektatuko dira Arriaga Antzokian, azaroaren 21etik 26ra bitartean. Lan horiek guztiak Bilbon estreinatuko dira estatu mailan. Jaialdiaren itxiera ekitaldian emango da ezagutzera irabazleen zerrenda, azaroaren 27an.
Epaimahaiaren osaera zinema sorkuntzaren inguruko ikuspegi desberdinak biltzen ditu: dokumentalaren zuzendaritza eta ikerketa, ikus-entzunezko produkzioa, egile-animazioa, zinema kritikaren eta fikziozko narrazio berrien alorretatik datoz.
ZINEBI 68ko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako 49 filmek ZINEBIren aintzatespen nagusiak lortzeko aukera izango dute.
Sail Ofizialeko sariak honakoak dira: Gran Premio ZINEBI (8.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Espainiako Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Mikeldi Film Labur Dokumental Onenari (5.000 euro), Mikeldi Film Labur Fikziozko Onenari (5.000 euro) eta Mikeldi Film Labur Animaziozko Onenari (5.000 euro). Horrez gain, beste sari batzuk ere banatuko dira, hala nola Publikoaren Saria EITB, Epaimahai Gaztearen Saria eta (H)emen ZINEBI Saria, baita Caimán Cuadernos de Cine – ZINEBI Kritika Saria ere (2.000 euro).
Sari-banaketa eta itxiera ekitaldia azaroaren 27an, ostirala, 19:30ean izango da Arriaga Antzokian. Bertan, István Szabó zinemagile hungariarrak aurtengo Mikeldi Ohorezko Saria jasoko du.




