Osakidetzak amaitutzat eman ditu Zaballa Osasun Zentroko azpiegitura energetikoaren eraberritze eta hobekuntza lanak. Jarduketa honek Barakaldo-Sestao OSIko eraikinari 'A' mailako Ziurtagiri Energetikoa eman dio, hau da, estandar zorrotzena eta altuena.
Proiektuaren jarduketa nagusia gas-galdara zaharra biomasa-galdara batekin ordezkatzea izan da. Biomasaren erabilerak aurrerapauso bat suposatzen du jasangarritasunean, erregai fosilen ordez materia organikoa (pelletak) erabiltzen baitu, eta bere CO₂ isurketen balantzea neutroa da. Horrek esan nahi du ez duela CO₂ berria gehitzen atmosferara, pellet bat erretzean landareak hazkundean naturalki xurgatu zuen karbono kantitate bera askatzen baita.
Ekintza honi, gainera, ur bero sanitarioaren ekoizpen-sistemaren hobekuntza, ponpaketa-ekipo eraginkorragoak sartzea eta energia-kontsumoa optimizatzen duten kontrol- eta monitorizazio-sistemak ezartzea gehitu zaizkio. Jarduketa horiek nabarmen murrizten dituzte eraikinaren dioxido karbono isuriak atmosferara, eta horrela, energia-kalifikazio gorena lortzea sendotzen dute.
Ia 500.000 euroko inbertsioarekin, instalazio honen ezarpena Osakidetzako zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten barruan kokatzen da. Ekimen hau energia-kontsumoak murrizteko eta Osakidetzan sorkuntza berriztagarria handitzeko bideratuta dago, eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko aukera emanez. Proiektu korporatibo honek zentroen energia elektrikoaren eskaria partzialki auto-hornitzeko eta CO₂ isuriak murrizteko helburua du.




