Erakundeak azaldu du erabaki hau museoa hazteko eta dimentsionatzeko prozesuaren baitan kokatzen dela, batez ere Bilboko Euskal Museoa berritu eta berriro zabaldu ostean. Zuzendaritza-profila eguneratzea "beharrezkotzat" jo dute, arreta gehiago esparru artistikoan jarriko duen figura bat txertatuz, azken urteotako bilakaerak proiektuaren irismena handitu duelako eta jarduketa-planean jasotako helburuetan aurrera egiteko giltzarri izango delako.
Xabier Paya ez da bakarrik arituko; zuzendaritza-taldean bat egingo du Sorkunde Aiarzagarekin, zeinak zuzendari kudeatzailearen ardura mantenduko duen. Biek elkarregaz gidatuko dute Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen kudeaketa, eta bere esku dituen, besteak beste, berreraiki berri den Euskal Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, San Frantzisko komentu zaharreko aztarnategia eta kanpoko gordailu bat.
Erakundeak aurreratu du zuzendaritza berriaren lan-ildo nagusien artean izango direla museoa euskal kulturaren erreferente gisa sendotzea, nazioarteko proiekzioa indartzea eta euskal ekosistema kulturalagaz lotura estutzea. Helburua da museoa tokiko kultur sektorearentzat, sortzaileentzat, herritarrentzat eta Bizkaia bisitatzen dutenentzako topagune bilakatzea.
Xabier Paya Getxon jaio zen (1982) eta Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua da EHUn. Hainbat ikasketa osagarri ditu, hala nola Euskal Kulturaren Transmisioari buruzko graduondokoa (Mondragon Unibertsitatea), Euskal Ikasketetako graduondokoa (Eusko Ikaskuntza), museoen zuzendaritza eta kudeaketako masterra (CLEA), Executive MBA (EHU) eta Europako Kultura Modernoei buruzko masterra (Birminghameko Unibertsitatea). Ibilbide profesionalean, Getxo Kulturako zuzendaria izan da 2021etik 2026ra, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioan ere aritu zen, kultur zuzendaritzan.




