Bilboko egoitzan egindako miaketak ia 10 ordu iraun zuen, goizeko 9:00etan hasita. Ekintza diskretua izan zen, kanpoan poliziako agente edo ibilgailurik egon gabe. Gutxi gorabehera 7 agentek parte hartu zuten, eta hainbat kutxa eraman zituzten bulegotik. Amurrioko miaketak, aldiz, ez zuen ordu erdi baino gehiago iraun.
Enpresako iturriek COPE Euskadiri jakinarazi diote "justiziarekin kolaboratzeko prestutasun osoa" dutela. Arratsaldean prentsa ohar bat bidaliko zutela adierazi zuten, gertatzen ari zena eta enpresaren jarrera azaltzeko, eta lasaitasuna helarazten saiatu ziren egindako miaketen aurrean.
Miaketak Santiago Pedraz epaileak agindu ditu, "Leire kasua" barruan dagoen pieza sekretu baten baitan.
Tubos Reunidos 2021ean erreskatatu zuen Espainiako gobernuak. Ia 113 milioi euroko erreskate hori dago orain ikerketaren fokuan, UCOk adierazi baitu Leire sareak erreskate hori azkartzeko bitartekari lanak egin zituela.
Tubos Reunidosentzat, 112,8 milioi euroko erreskatea onartu zen 2021eko uztailean. Sumarioan ezagutu dugunaren arabera, sareak Tubos Reunidosen zuzendaritzarekin izandako bilerak aipatzen dira, eta horiek 40.000 euroko ordainketa ekarri zuten enpresak Vicente Fernandez, SEPIko presidente ohiari, egindakoa.




