Igandean, apirilaren 13an, iragarri zuen Sopelako 4ekin1 plataformak 2021ean joko-aretoek gazteen osasunean eta herriko bizikidetzan zuten eragina salatzeko mobilizazioetan atxilotutako gazteen aurkako auzia itxi dela. Bi aldeek akordioa lortu dute, eta horren ondorioz, epaiketa bertan behera geratu da.
Plataformako kideek adierazi dutenez, prozesu hau bost urte iraun duen “amesgaiztoa” izan da. Nahiz eta auzia bi aldiz artxibatua izan, fiskalak aurrera ateratzea erabaki zuen. Horren ondorioz, lau herritarrek 32 urteko espetxe-zigorra eta 112.400 euroko isuna ordaintzeko arriskua zuten, militantzia politikoaren izenean.
Mugimenduak adierazi duenez, “muntai polizial” bat antolatu zen eta modu “iruzurtian” izan ziren auzipetuak.
Elkarretaratzean, plataformako kideek “pozik egoteko eta ospatzeko arrazoiak soberan” dituztela adierazi zuten, eta “borrokak dena alda dezakeela” frogatu dutela. Auziaren amaiera elkartasun “zabal eta indartsuari” esker lortu dela uste dute, eta eskerrak eman dizkiete bidean lagundu dieten milaka pertsonei.
Jasotako laguntza ekonomikoaren zati bat antzeko egoerak pairatzen ari diren taldeei bideratuko zaie, hala nola Berango Elkartasun Komiteari eta Aroztegiko kideei. Horrekin batera, plataformak bere jarduera amaitutzat eman du.




