Bertako Sestao Fútbol Sala klubak bultzatuta, eta Haszten elkartearen eta Udalaren laguntzarekin, proiektu aitzindari hau sortu da, kirol egokituaren arloan detektatutako behar bati erantzuteko.
«Proiektu honek ilusio handia ematen digu, sektore hau nahiko baztertuta dagoela uste dugulako, eskaintza urria baitago haientzat», azaldu du Gorka Iglesias ek, klubeko kideak. Duela bi urte sortu zen, Sestao Fútbol Sala k Gabonetan antolatzen duen ongintzako torneoa dela eta. «Han hasi ginen Haszten ekin hitz egiten, eta aurrera ateratzeko prest gaude. Klubeko kide batzuk kirol egokituaren inguruan prestatzen ari dira, irailetik aurrera gure egiturako talde bat gehiago izateko eta bi denboraldiren buruan lehiatzen hasteko.»
Proiektuaren helburua kirol praktika sustatzea eta gazteei beren autonomia garatzeko, gaitasun fisikoak eta sozialak hobetzeko, eta klub eta komunitate baten parte sentitzeko gune bat eskaintzea da. Gainera, eskualdean erreferente bihurtzea eta dagoeneko autonomia mailan dagoen areto-futbol egokituaren ligan parte hartzea du xede.
Ekimen hau ezagutzera emateko, ekainaren 5ean eta 12an entrenamendu irekiak egingo dira, kirol hau probatu eta eskolan parte hartu nahi duten haur eta gazteentzat. Maiatzaren 31ra arte eman daiteke izena Sestao Fútbol Sala ren webgunean (www.sestaofutbolsala.com) edo 634405934 telefono zenbakira deituta. «Dagoeneko zabalkundeari ekin diogu eta lau pertsona inskribatuta ditugu, eta deiak jasotzen jarraitzen dugu», adierazi dute ilusioz klubetik.
Haszten etik nabarmendu dute «kirol inklusio eredu berritzailea» dela, «ez baita mugatzen desgaitasuna duten gazteentzako jarduera espezifiko bat sortzera, baizik eta kirol egokitua klub konbentzional baten egitura eta identitatearen parte gisa integratzen du».
Sestao Kirolak en bidez kirol inklusiboaren aldeko apustua indartzen duela adierazi du Udalaren ordezkaritzak. «Gaur egun, udalerriak igeriketa eta pala modalitateetan eskolak egokituak ditu, eta ekimen berri honek dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako eskaintza zabalduko du», esan du Borja Ramón ek (EAJ), Kirol Kontseilariak.




