Muskizko Udalak herritarren artean ahalik eta adostasun handiena lortu nahi du estalki berriaren diseinuan, eta horretarako, parte-hartze prozesu bat ireki du. Gaurtik, ostirala, eta maiatzaren 31 bitartean, muskiztarren iritzia jasoko da.
“"Kultura eta Kirol Arlotik Meatzari plazan estalki bat jartzeko proiektu bat prestatzen ari gara. Horretarako, bi faseko parte-hartze prozesu bat jarri dugu abian; lehenengoan, udalerriko elkarte eta taldeei kontsulta egin genien, eta haiek dauden beharrak adierazi zizkiguten. Orain, herritarrei kontsulta egingo diegu."
Muskiztarrek hiru diseinu desberdinen artean aukeratu ahal izango dute Meatzari plazako etorkizuneko estalki definitiborako. Hiru proposamenek udalerriko elkarte eta taldeek eskatutako baldintzak betetzen dituzte. Behar horien artean daude, gutxienez, 500 metro koadroko azalera estaltzea, agertoki bat izatea, argiztapen, megafonia eta elektrizitate puntuak izatea, eta estalkiak argi naturala sartzen uztea.
Osagai horiekin, hiru proposamenak prestatu dira, eta dagoeneko ikusgai daude Meatzari Aretoaren areto nagusian. Udalak sei galderako inkesta bat prestatu du herritarrek beren iritzia eman eta hiru diseinuetatik zein den gogokoena aukeratu dezaten. Inkesta horiek, beteta, ostiraletik aurrera Gaztegunean eta herriko kultur etxean jarriko diren postontzietan utzi ahal izango dira.




