Mundo Cero ekoiztetxeak urrats berria eman du ikus-entzunezkoen alorrean, La Antigua etorbideko eraikin batean espazio fisiko bat atonduz: Mundo Cero Etxea. Proiektu hau "ikus-entzunezkoen prestakuntza, sorkuntza eta postprodukzioari eskainitako gune berri" gisa aurkeztu zen iragan ostiralean.
Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Ibon Cormenzana, Mundo Cero ekoiztetxeko burua, eta Ainara Basurko, Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua. Proiektu berriaren helburua "sektore zinematografikoa garatzen laguntzea, talentua sustatzea eta landa ingurunean aukera ekonomiko eta enplegu berriak sortzea" dela adierazi zuten.
Mundo Cero k bere burua "inpaktu sozialeko ekoiztetxe" gisa definitzen du, eta filosofia horri ekarpena egiteko sortu da Urduñan abian jarritako zentroa. "Mundo Cero Etxea tokiko eta nazioarteko talentua sustatzeko bokazioarekin sortu da, hezkuntza jarduerak, sormen egoitzak eta ikus-entzunezko proiektuak babestu eta laguntzeko", azaldu zuten.
Dagoeneko abian da formakuntza-jarduera: datozen asteetan, zentroak tailer berriak hartuko ditu, hala nola Pablo Berger zinemagilearenak eta Victor Gay Zaragoza renak (AA eta storytellingean aditua). Laster, soinua (Fabiola Ordoyo ren eskutik) eta muntaketa (Guillermo de la Cal ekin) bezalako funtsezko arloetako prestakuntzak gehituko zaizkie.
Proiektuaren xedea Urduñara talentua erakartzea da, "gizartean eragina izango duen ikus-entzunezkoaren inguruko ikaskuntza, sorkuntza eta truke ingurune bat sortuz".
Bizkaiko Foru Aldundiak iragan martxoan iragarritako Bilbao Bizkaia ikus-entzunezko hub-aren barruan kokatzen da proiektu hau. Aldundiak 4,6 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du Mariaren Lagundiko ikastetxe zaharreko eraikinak eta lursailak egokitzeko, sektorearen garapena bultzatzeko.
Iker Santocildes alkateak adierazi zuen Urduñarentzat proiektu hau aukera bat dela udalerriko jarduera ekonomikoa eta kulturala dinamizatzeko, "hiria sektore estrategiko bati lotuz eta herritarrentzat aukera berriak sortuz".




