Grabazioa 2025eko urriaren 31n egin zen, Bilboko Enkarnazio elizan, BIME jaialdiaren testuinguruan, eta orain argitaratu da osorik. KEXP irratiaren mundu mailako ospeak ikusgarritasun handia eskaintzen die bertan parte hartzen duten artistei, bereziki eszena alternatiboan.
Merina Grisek bost kantu interpretatu zituen saioan, besteak beste Ardi Latxen Herrian, Hiru Damatxo, Lilili, Irteera eta Antes no era más feliz. Bideoan jasotako elkarrizketan, taldeak bere burua aurkeztu eta Euskal Herriko musika eszena aldarrikatu zuen, hyperpoparen gisako gero eta talde gehiago daudela azpimarratuz.
KEXP, Seattle hirian egoitza duen irratiak, urteak daramatza mundu osoko musika alternatiboa zabaltzen, eta azken urteotan nazioarteko grabazio-saioak ere egiten ditu. Bilboko grabazio hau ‘Live on KEXP in Bilbao’ ekimenaren barruan kokatzen da, BIMErekin elkarlanean garatua eta hainbat erakunderen babesarekin, hala nola Basque. Music., Sounds from Spain, ICEX eta AIE.
Testuinguru berean, Basque. Music. plataformaren bitartez euskal artistek presentzia izan zuten jaialdian, hala nola Marte Lasarte, Maloa Brothers eta Txopet taldeek showcase bana eskaini baitzuten nazioarteko profesionalen aurrean. Basque. Music. egitasmoa Etxepare Euskal Institutuaren eta Musika Bulegoaren nazioartekotze-estrategiaren parte da, Eusko Jaurlaritzarekin batera euskal musikaren presentzia sustatuz mundu mailan.




