Interesatuta dauden familiek irailaren 12ra arte egin ahal izango dituzte inskripzioak, udaletxearen egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarraren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bitartez. Zerbitzua irailaren 21ean hasiko da, eta lehen txanda 2027ko otsailaren 14ra arte luzatuko da. Ondoren, ikasturteko bigarren txandarako izen-emate epe berri bat irekiko da. Guztira, urtean 480 plaza eskainiko dira, 240 txanako.
Ludoteka 4 eta 11 urte bitarteko neska-mutikoentzat dago zuzenduta, eta jolasak, sormenak eta bizikidetzak protagonismoa duten hezkuntza-aisialdiko gune bat eskaintzeko apustuari eusten dio. Jarduerak adin-tarte desberdinak kontuan hartuta antolatzen dira eta arratsaldez izaten dira.
4 eta 7 urte bitartekoentzat, astelehenetik ostegunera bitarteko taldeak egongo dira, baita ostiraletan talde misto bat ere. Ordutegiak 16:30etik 18:00etara eta 18:00etatik 19:30era izango dira, astearte eta ostegunetan, eta astelehen eta asteazkenetan. Ostiraletan, 16:30etik 19:30era, talde mistoa izango da. 8 eta 11 urte bitartekoentzat, antzeko banaketa izango da, talde mistoekin ostiraletan ere.
Talde bakoitzak gehienez 10 neska-mutiko izango ditu. Errekaldeko Ludoteka Udalak 2025eko abenduan ireki zituen ateak, eta 225 metro koadroko azalera erabilgarria du, adinaren araberako jolas-eremuak, tailerrak egiteko guneak, harrera eta administrazioa, bilera-gela, biltegiak eta komunak dituena, horietako bat mugikortasun murriztua dutenentzat egokitua.
Zerbitzua doakoa da, eta aisialdiko eta ikaskuntzako jarduerak uztartzen ditu, adingabeen garapen pertsonala eta soziala sustatzeko, baita familia-kontziliazioa ere. Gainera, Errekaldeko Ludoteka Udalak Pinuetako ludoteka eta Gaztegunearen bidez garatzen duen hezkuntza-aisialdiko eskaintza osatzen du.




