Ekitaldi honen helburua da ikasturtean zehar egindako lana aitortzea eta parte-hartzaileen esperientziak partekatzea. Aurten, 400 emakume baino gehiagok hartu dute parte LAKETek antolatutako 24 ikastarotan, tartean berriki abian jarritako edoskitze-taldea. Horrez gain, gazteak ahalduntzeko eta berdintasunerako eskoletan 44 neskak aritu dira.
Jaialdiak umorea izango du ardatzetako bat, Maria Cruickshank bakarrizketalariaren eskutik. Artistak bere "SIMPOL" ikuskizuna eskainiko du, eta bertan emakumeek gaur egun bizi dituzten egoerak umoretik landuko ditu. Eguneroko esperientziak, jasotzen duten tratua eta gizarte patriarkalak ezartzen dizkien presioak izango dira hizpide.
Ekitaldiaren amaieran luntxa egingo da, parte-hartzaileen arteko topagune gisa. Antolatzaileen arabera, une egokia izango da aurten eskolan parte hartu duten emakumeek euren bizipenak helarazteko eta etorkizunean parte hartu nahi dutenek LAKET gertutik ezagutzeko.
Ekitaldian parte hartzeko, laket@leioa.eus helbide elektronikora idaztea beharrezkoa da.




