Gaur, gure triku txikiak, Kiñuk, espaziotik Lurrera egingo dituen bidaiak kontatuko dizkigu, meteoritoekin batera. Horrez gain, espazioan dauden harrizko, metalezko edo izotzez osatutako objektuei ematen zaizkien izenak ikasiko ditugu: meteoroidea, asteroidea eta kometa. Objektu hauek ez dira soilik espaziotik iritsitako harriak; Unibertsoaren iraganaren arrastoak ere badira.
Gehienak asteroide edo kometen zatiak dira, baina badira Ilargitik edo Martetik iritsitakoak ere. Horregatik, meteoritoak aztertzea oso baliagarria da gorputz zerutarren osaera ezagutzeko eta gure planetaren zein Eguzki Sistemaren historia hobeto ulertzeko.
Zerura begiratzea nahikoa da meteoritoen arrasto ikusgarrienetako batzuk aurkitzeko. Abuztuan, esaterako, Pertseidak ikus ditzakegu: Lurrak 109P/Swift-Tuttle kometak espazioan utzitako hauts eta partikulen arrastoarekin topo egiten duenean, partikula horiek atmosferan abiadura handiz sartzen dira eta argi-lerroak sortzen dituzte. Hauek dira izar iheskorrak, nahiz eta, izenak dioenaren kontra, ez diren izarrak erortzen.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. 'Kiñuren begirada' gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egilea, Maddi Astigarraga Bergara, Biomedikuntzan graduatua da eta EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du, ilustratzaile gisa lan eginez.




