Ekimenaren aurkezpena ekainaren 25ean, 19:00etan, egingo dute TikiToki Zentroan. Getxo Kirolakek azaldu duenez, eraikinaren egiturazko finkatze-lanek emaitza onak eman ondoren, hurrengo pausoa herritarren iritzia jasotzea izango da, etorkizuneko berrikuntza integralerako erabilera eta beharren programa zehazteko.
Prozesua Thinking Fadura egitasmoaren barruan kokatzen da. Egitasmo horren bidez, Fadurako kiroldegiaren kanpoaldea kirol-parke publiko bihurtzeko eta instalazioak berritzeko bidea lantzen ari dira. Kasu honetan, frontoien eraikinari begira, 2018an jasotako lehen ekarpenei eta Getxo Kirolakek antzemandako beharrei jarraipena ematea izango da helburua.
Parte-hartze prozesuak aurrez aurreko hiru lan-saio izango ditu, eta aurreikuspenen arabera, urriaren amaieran itxiko da. Saioetan herritarren, erabiltzaileen eta kirol-eragileen ekarpenak bilduko dituzte, eraikinaren etorkizuneko erabilerak ahalik eta modu zabalenean definitzeko.
Parte hartu gura dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, thinkingfadura@getxo.eus helbidera mezua bidalita. Horrez gain, Getxoko Udalaren parte-hartze atariaren bidez ere egin ahal izango da izen-ematea: zeugaz.getxo.eus. Prozesua martxan jarritakoan, ekarpenak webgune horren bidez bidaltzeko aukera ere egongo da.




