Udalaren arabera, eremu berriak Europar Batasuneko Habitaten Zuzentarauak aktibo natural gisa aitortzen duen kostaldeko txilardi lehor atlantikoen lehentasunezko habitatari eragiten dio. Horregatik, ospakizunerako balizatu egingo dute eta Udaltzaingoak zainduko du, baita pinudiaren eremuan ezarritako mugak mantenduko ere.
Amaia Aguirre alkateak azpimarratu duenez, "Getxon hain errotuta dagoen jai baten gozamena ingurunearekiko eta ingurumenarekiko errespetuagaz uztartu behar dugu. Zeregin horretan inplikatu behar dugu, erakundeek eta herritarrek elkarrekin lan eginez, ospakizun horretaz modu jasangarriagoan gozatzen jarraitu ahal izateko".
Neurriek bereziki eragingo diete esparru ofizialetik kanpo jaia egiten duten kuadrillei. Getxo Kulturak, Udalagaz elkarlanean, bitartekotza-lana egingo du segurtasuna areagotzeko, arriskuak minimizatzeko eta ingurumenarekiko zein garbitasunarekiko errespetua sustatzeko. Informazio-kartelak jarriko dituzte hondakinak bereizteko puntuak, ebakuazio-bideak, suteetarako babes-baliabideak, puntu morea eta anbulantziaren kokalekua adierazteko.
Mugak ezartzeak ondorio praktikoak ere izango ditu: mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku erreserbatua lekuz aldatu beharko da, eta gune berria seinaleztatuta egongo da. Udalak adierazi du urteotan jaialdiaren inpaktua gutxitzeko eta kontzientziazioa indartzeko hartutako neurriak mantenduko direla.




