Eusko Jaurlaritzak larrialdiak koordinatzeko eta hobetzeko BABES (Berehalako Arreta Bermatzeko Euskal Sistema) sistema berria garatuko du, aginte bakar batetik, eta horrek larrialdi-arreta azkarrago eta eraginkorragoa izango dela ziurtatuko du, babes zibiletik boluntariotzaraino maila guztietako parte-hartzearekin.
Imanol Pradales Lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean egindako Segurtasunari buruzko Osoko Bilkuran, Euskadiko segurtasun integrala lehentasun gisa kokatuz, alderdi politikoei "salbuespenik gabe" dei egin die terrorismoa eta indarkeria oro gaitzesteko gutxieneko oinarri komun bat ezartzeko. "Hau da zero puntua. Gure etorkizuna eraikitzeko oinarria", adierazi du.
Lehendakariak azaldu duenez, etorkizuneko Euskal Etxea eraikitzeko segurtasunak bizikidetzan oinarritu behar du, Euskal Polizia moderno eta prestatua izan behar du, gizarteak autoprotektatuta egon behar du mehatxu eta larrialdi berriei aurre egiteko, eta prebentzio-lana egin behar da adikzioen, buruko osasunaren edo zaurgarritasun berrien aurrean.
BABES sistemak aurrerapauso teknologiko bat suposatuko du, mapa dinamikoak, tresna iragarle, sentsoreak, komunikazio sistema berriak eta datuen analisia barne hartuko dituena. "Honek Publiko-Pribatuaren arteko lankidetza bultzatzen du. Euskal industriaren parte-hartze zuzena ere bilatzen du", gaineratu du.
Pradalesek bizikidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du indarkeriaren kulturaren arrastoak oraindik ere egon daitezkeela Euskadin. Horregatik, "indarrez eta argi" gaitzetsi behar dira indarkeria ekintza oro, eta "ez diegu utziko indarkeriazaleei gure Herrian sartzen". Era berean, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen lana babestu du, eta gizarteari "ez uzteko bere Polizia" eskatu dio.
Lehendakariak gizarteak eta bere ordezkariek "galdera deserosoei" erantzun behar dietela adierazi du, hala nola gazteek zergatik duten portaera bortitza, familien eta eskolen erantzukizuna balioen transmisioan, eta komunikabideen eta eduki-sortzaileen erantzukizuna ekintza bandalikoak justifikatzen edo goresten dituztenean.
Halaber, Euskadiko familien, irakasleen, hezitzaileen, eragile politiko eta sozialen, aisialdiaren, futbolaren eta komunikabideen munduari dei egin die "islari begiratzeko eta galdetzeko ea dena egiten ari garen".
Azkenik, Lehendakariak ertzainen ongizate psikologikoa hobetzeko eta delinkuentzia berriei, emakumeen aurkako indarkeriari, gorroto delituei edo adingabeei eragiten dieten egoerei aurre egiteko hobekuntzak iragarri ditu. Era berean, haurrekin eta gazteekin prebentzio-lana, arrisku-egoeren detekzio goiztiarra, babesa, autoprotekzioa, adikzioak eta buruko osasuna hobetuko direla gaineratu du.




