Pasabidearen lehenengo piezetako bat, 32 metroko luzera eta 15 tonako albo-hegal bat, jada jarri da. Bigarren pieza, berriz, luzera berekoa eta 50 tona ingurukoa, metalezko kaxa bat da. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatuak instalazio-lanen hasiera ikustera bertaratu zen, eta adierazi zuen: “Pasabidearen muntaketa, behar bada, prozesuaren faserik deigarrienetarikoa da”. Horretarako, tonaje handiko garabiak eta ekipamendu espezializatuak erabiltzen ari dira, pisu eta tamaina handiko elementuak zehaztasun milimetrikoarekin altxatzea edo kokatzea ahalbidetzen dutenak.
Egitura metalikoak 352,2 metroko luzera du, 10 zutaberen gainean kokatutako kaxoi jarraituko sistemaren bidez eraikia, eta erdian zati mugikor bat du.
Foru-diputatuak zehaztu bezala, pasabideak konplexutasun tekniko handia du, luzetarako eta zeharkako maldak dituen bihurguneko geometria baitu. Gainera, egitura bao zentraletan irekitzen da, tamaina handiko itsasontziak pasa daitezen.
Pasabide berri honek helburu zehatza du: eguneroko joan-etorriak bizikletaz eta oinez egitea sustatzea eta garraio publikoarekin konektagarritasuna hobetzea. Proiektua mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta ibilgailu pribatuen erabilera eta isurpen kutsatzaileak murrizteko Bizkaiko lurralde-estrategiaren parte da.




