Euskal Nazionalismoaren Museoak, Bilboko Ibáñez de Bilbao kaleko 16. zenbakian kokatua, Sabin Etxean, Elena Moreno Scheredre idazlearen bisita hartuko du. Ekitaldia “Liburuen Txokoa” hitzaldi zikloaren barruan kokatzen da, museoak euskal literatura eta bere protagonistak publikoari gerturatzeko bultzatutako ekimena.
“Bizitakoa kontatzea. Historiaren emozio isilak” izenburupean, Moreno Scheredre k iragana gogoratzeko eta transmititzeko moduari buruzko gogoeta proposatuko du. Idazle bilbotarrak duela gutxi argitaratu du Un bosque de Álamos en Idaho. La historia de una emigración silenciosa eleberria, euskaldunek Ipar Amerikan utzitako arrastoari buruzko kontakizuna.
Eleberriak, 522 orrialdetan zehar, Domingo izeneko artzain euskaldun baten eta Valentina Alzola izeneko Lekeitioko emakume baten arteko maitasun istorioa ere kontatzen du. Idazleak Gerra Zibila, Gernikako bonbardaketa eta XX. mendeko Europa nahasia urrunetik bizi izan zituzten belaunaldien emozio kontrajarriei ahotsa ematen die.
“"Nire eleberriak ez du daturik eman nahi, ez da saiakera bat. Gizon eta emakume haiek sentitu behar zutena islatu nahi izan dut, gehienetan historiak askoz ere sakonago hunkitzen zaituelako, batez ere gaur egungo belaunaldiak, asko irakurtzen ez dutenak, datuak baino emozioetatik."
Idazleak azpimarratu duenez, pertsonaia nagusiak fikziozkoak dira, baina Idahora iritsi ziren gizonen eta emakumeen balentria erakusten dute, azken horiek funtsezko papera izan baitzuten emigrazio prozesuan, hizkuntza, euskal kultura eta sukaldaritza transmitituz. Ikerketa lan handia egin duela adierazi du, nahiz eta emakumeen esperientziei buruzko dokumentazio gutxiago aurkitu duen.
Eleberriak euskal diasporaren, integrazioaren eta maitasunaren gaiak jorratzen ditu, eta irakurleari gogoeta egiteko gonbidapena egiten dio. Bilboko Carlton hotela ere agertzen da eleberrian, Eusko Jaurlaritzaren lehen egoitza izan zena Gerra Zibilean, eta bertan aurkeztuko du idazleak liburua maiatzaren 19an.




