Jardunaldiak proiektuaren lehen fase hau ixtea ahalbidetuko du, azken ekarpen kualitatiboak jasoz. Topaketa hau Egaz Txorierrik eskualdeko sei udaletxeekin eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean garatzen ari den prozesu parte-hartzailearen barruan kokatzen da. Helburua da lurraldeak enpleguaren, lehiakortasunaren eta garapen lokalaren arloan dituen erronka eta aukera nagusiak identifikatzea.
Topaketan, orain arte egindako analisi nagusiaren emaitzak partekatuko dira. Bertaratutakoek beraien ezagutza eta esperientzia erabiliko dute, jasotako informazioak eskualdearen errealitatea eta bertako enpresen zein biztanleriaren beharrak egoki islatzen dituela ziurtatzeko. Datuak baliozkotzeaz gain, aztertutako arloei buruzko oharrak, ñabardurak eta ekarpen berriak jasotzeko aukera izango da.
Diagnostiko hau datu-analisia, elkarrizketak, galdetegiak eta parte-hartze-guneak uztartuz egin da, eskualdeko enpresen eta eragile sozioekonomikoen ikuspegia txertatzeko. Ekimen horien artean, ekainean eta uztailean egindako Talent Gune Txorierri jardunaldi presentziala eta Digital Gune Txorierri online jardunaldia nabarmendu behar dira.
Osteguneko Focus Group-ak informazioa biltzeko eta kontrastatzeko prozesu hau amaituko du, etorkizuneko Planari bide emango dion diagnostikoa osatzeko hainbat ikuspegi bilduz. Ondoren, Txorierriko Enplegu eta Garapen Lokaleko Planaren helburuak, ildo estrategikoak eta jarduerak zehaztera igaroko da lana.




