Bilboko Udalak Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu du Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren lehen Osoko Bilkura, Bilborocken. Bertan, etorkizuneko III. Planaren zirriborroa eta parte-hartze aurrekontuetako proiektuak landu dira. Kontseilua 10 eta 14 urte bitarteko 46 neska-mutilek osatzen dute, eta 2026-2027 ikasturteko lanak eta Bilboko Haur eta Nerabeen III. Planaren aurrerapenak aztertu dituzte.
Osoko Bilkurak Itxaso Erroteta, Kontseiluko presidentea eta Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria, izan du presidentetzan, Gorka Romero, UNICEF Euskadiko Batzordeko bokala, eta beste hainbat ordezkarirekin batera. Ekitaldiaren amaieran, jardunaldi hau ospatzeko ekintza bat egin da La Ribera Merkatuan, photocall batekin eta oroigarrizko poltsak banatuz.
Parte-hartze aurrekontuen bidez aurrera atera diren bi proposamen landu dira: Arenaleko gunean iturri gehiago jartzea eta Solokoetxeko kulunkak estaltzea. Era berean, ikasturte honetan landu beharreko gaiak aukeratu dira, eta Gizarte Ekintza Sailak hiriko espazio nabarmen batean mural bat egiteko proposamena aurkeztu du, Haurren Eskubideak irudikatzeko.
Bilboko Haur eta Nerabeen III. Planari dagokionez, kontseilariek Kontseiluko kide berriei (46tik 28, ordezkaritza paritarioarekin) aurkeztu diete udal planaren zirriborroari egindako ekarpena, udal esparruan lehentasunezkotzat jotzen dituzten ekintzak azalduz. Haurrentzat eta nerabeentzat nolakoa den hiria, zer gustatzen zaien, zer behar hautematen dituzten eta zer alderdi hobetu beharko liratekeen hausnartu dute.
Etorkizunean onartuko den III. Planak hiru ardatz nagusi izango ditu: 1. Berdintasunezko aukerak dituzten haurrak eta nerabeak; 2. Osasunarekin eta ongizate emozionalarekin hazten diren haurrak eta nerabeak; eta 3. Haur eta nerabeekiko ingurune jasangarriak eta konprometituak. Zortzi helburu zehatz bultzatuko dituzte ardatz hauek, eta horietatik berrehun bat ekintza desberdin aterako dira.




