Basauriko Udalak 77 langabetu kontratatuko ditu, Lanbidek, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en testuinguruan, bultzatutako Enplegu Planaren bitartez. Plan hau erakunde biek finantzatzen dute, guztira 1,8 milioi euro inguru (1.772.133 euro) inbertituz: Eusko Jaurlaritzak 1.112.929 euro eta Basauriko Udalak 659.204 euro. Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi duenez, Udalak Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitzen du Basauriko langabetuen enplegagarritasuna hobetzeko udal enplegu-planak egiteko. 2019tik, aurreko 487 kontratazioak zenbatuta, 77 berri hauek gehituko zaizkie.
Udalak lanpostuen ezaugarriak bidaliko dizkio Lanbideri, eta honek bilaketa egingo du izena emanda duten langabetuen artean. Gainera, Lanbidek eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, baldintzak betetzen dituztenek izena eman ahal izateko. Lanpostu desberdinetarako aukera izateko, garrantzitsua da curriculuma eguneratuta edukitzea.
Lanbidek lehen aukeraketaren zerrenda bidaliko dio Udalari, eta bertan egingo dute hautaketa-prozesua, teknikariek eta giza baliabideetako langileek osatutako talde espezifiko batek ebaluatuko dituelarik hautagaitzak, ordezkari politikoen parte hartzerik gabe.
Martxan hasiko den lehen programa «ALPE» izango da, langabetu guztiei zuzendua. 3, 5, 6 eta 9 eta 12 hilabeteko kontratuak eskainiko dira, lan-jardunaldi desberdinekin, eta honako 37 lanpostu hauek beteko dira: biltegizaina (1); 1. mailako ofizial igeltseroa (5); ofizial gidaria (1); eraikuntzako peoia (7); pintorea (1); Udal Brigadarako elektrikari laguntzailea (2); administrari laguntzailea (7); administraria (2); community manager (1); «Tokiko Osasun Sarea» programaren dinamizatzailea (1); tokiko merkataritzako prospekziogilea (2); mantentze-lanen laguntzailea (1); «Merkataritza euskaraz» programaren dinamizatzailea (1); giza-zientzietako ertain-mailako teknikaria (2), liburutegiko laguntzailea (1), webmastera (1), sistemen teknikaria (1).
Lanpostu horietarako eskaintza gaurtik aurrera egongo da aktibo Lanbideren webgunean. Udal arduradunek gomendatzen dute Lanbideko datuak eguneratzea, bai lan-esperientziarenak, bai duela gutxi eskuratutako titulazioarenak. Eguneratzea Lanbideren webgunean bertan egin daiteke, edo presentzialki, hitzordua eskatuta 945 160 600 telefono-zenbakian.
Lehentasunezko arreta behar duten kolektiboentzako lerroari dagokionez, lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituztenei zuzenduta, honako hauek beteko dira (40, guztira): eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko 8 lanpostu; eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzeko 12 lanpostu («Patioak Zabalik» programa); agente zibikoen 12 lanpostu, eta kulturarteko horma-irudiak egiteko 8 lanpostu. Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeek kudeatuko dute, eta 6 hilabeteko kontratuak eskainiko dira, %75eko lan-jardunaldian, lan-prestakuntza- eta -orientabidearekin batera.
Deialdi hau 2027ko hasieran abiatuko da, eta Basauriko Udalak horren berri emango du.




