Basauriko Arizko Dorretxeak José Enrique Urrutia Capeau artistaren pinturen erakusketa hartuko du irailaren 1etik 11ra bitartean. Obra horietan naturak eta abstrakzioak izango dute garrantzi nabarmena, kolore biziz eta ñabardura tropikalekin. Paisaia iradokitzaileetan eta irudimenak gidatutako espazioetan murgiltzera gonbidatuko dute publikoa.
Bestalde, Kareagako jaiak irailaren 4tik 6ra ospatuko dira. Egitarauak musika kalean, txupinazoa, suzko zezena, kontzertuak, haur parkea, tortilla eta marmitako txapelketak, kale antzerkia eta herri bazkaria biltzen ditu.
San Migeleko jaiak, berriz, irailaren 26tik urriaren 4ra izango dira. Bertan, Skabidean, Los Zopilotes Txirriaos eta Akerbeltz erromeriak arituko dira, besteak beste. Era berean, Sama Siku Txaranga, Ska-P eta Amaral, Mecano eta La Oreja de Van Gogh tributuak eta A&B Show taldeek ere girotuko dituzte jaiak. Mozorro Eguna eta OstiKda Elektrotxaranga ere izango dira.
Hezkuntza arloan, Basauriko Udalak ludoteken zerbitzua hobetuko du ikasturte berrirako. Basozelai Gizarte Etxean 7 eta 10 urte bitartekoentzat talde berri bat sortuko da, eta Gabonetako ordutegia zabalduko da familia-kontziliazioa errazteko. Izena emateko epea irailaren 4tik 22ra egongo da zabalik, eta prezioak 35 eta 105 euro artean izango dira, beherapenekin.
Azkenik, Solobarria plazako komun publikoa gaurtik aurrera dago zabalik, udalak jakinarazi duenez. Komuna egokitua da eta Antonio Fernandez kaletik plazarako sarbidean eraiki dute.




