Osakidetzako OSI Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces sareko Balmasedako Osasun Zentroko profesionalek hainbat jarduera hezitzaile antolatu dituzte, bai haurrentzat bai oro har herritarrentzat, egungo osasun publikoko erronka nagusietako bati buruz sentsibilizatzeko: antibiotikoen erresistentziari.
Mikroorganismoak, hala nola bakterioak, haiek borrokatzeko erabiltzen diren botikei erantzuteari uzten diotenean sortzen da erresistentzia antimikrobianoa. Horrek esan nahi du orain arte erraz tratatu zitezkeen infekzioak sendatzea gero eta zailagoa izan daitekeela, eta horrek konplikazio, ospitalizazio eta baita heriotza arriskua areagotzen duela. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) erresistentzia antimikrobianoa munduko osasunaren aurkako mehatxu nagusienetakotzat jo du.
Fenomeno naturala izan arren, antibiotikoen erabilera desegokiak edo gehiegizkoak haren agerpena bizkortu du. Beharrezkoak ez direnean erabiltzea, medikuaren agindurik gabe hartzea edo tratamendu-jarraibideak behar bezala ez betetzeak bakterio erresistenteen agerpena sustatu du.
Mezu hau biztanleriari helarazteko eta infekzioak prebenitzen laguntzen duten ohiturak sustatzeko, Balmasedako Osasun Zentroak adin guztietako pertsonentzat irekitako bi jarduera antolatu ditu.
Lehenengoa azaroaren 17an, asteartean, 13:30ean izan zen, "Aurki itzazu zure eskuak ezkutatzen dutena" izenburupean. Argi ultramoreko lanpara baten bidez, parte-hartzaileek modu bisualean egiaztatu ahal izan dute eskuak garbitzearen eraginkortasuna, higiene-teknika egokia ikasi eta doministiku baten simulazioan parte hartu dute, arnas-higieneari buruzko gomendio nagusiak ezagutzeko.
Bigarren jarduera azaroaren 19an, ostegunean, 13:30ean egin zen, "Zenbat dakizu antibiotikoei buruz?" izenburupean. Jokoen eta dinamika parte-hartzaileen bidez, bertaratutakoek botika horiei buruzko mitoak eta errealitateak ezagutu ahal izan dituzte, eta antibiotiko bat beharrezkoa denean eta noiz ez ikasi dute.
Ekimen hau zentroko Pediatriako erizain Alba Ruizek garatutako proiektu batetik sortu da, hasiera batean Burgosko Unibertsitatean egindako Gradu Amaierako Lan gisa, eta gero Lehen Arretako esparrura eraman da prebentzioa eta osasunaren sustapena herritarrei hurbiltzeko. Herritarrentzat irekitako jarduez gain, eskola-zentroetan ere egin dira adin ezberdinetara egokitutako hezkuntza-esku-hartzeak.
Osakidetzak gogorarazi duenez, eskuen higiene egokia, arnas-higiene egokia edo antibiotikoen erabilera arduratsua bezalako ekintza sinpleak funtsezko tresnak dira infekzioak prebenitzeko eta bakterioen erresistentzien agerpena geldiarazten laguntzeko.




