EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko eta Geologia Saileko ikertzaileek, USALeko Geologia Saileko ikertzaileekin batera, lehenbizikoz kuantifikatu dute Castro Valnera menditik (Burgos eta Kantabria artean) Pirinioetaraino doan mendikatearen bi isurialdeen artean zer erliebe-diferentzia dagoen. Mendikatea sortu zenetik, bi isurialdeak desberdin higatu dira, eta horrek eragin du isurialde atlantikoko lurrazala gehiago altxatzea isurialde mediterraneokoa baino.
Lurrazalak gaineko arroken zama galtzen duenean gorantz egiten du, itsasontziek ur gainean gora egiten duten antzera. Mendikateak sortzeko plaka tektonikoen talkak beharrezkoak badira ere, erliebeak gora egiten jarraitzen du gerora ere. Izan ere, plaka tektonikoak mantuaren gainean flotatzen dira astenosferan, eta karga arintzen denean, erliebeak pixkanaka gora egiten du oreka lortzeko. Fenomeno horri doitze isostatiko esaten zaio, eta oso nabarmena da glaziarrak desagertzen diren lurraldeetan.
Doitze isostatikoa ulertzea funtsezkoa da itsas mailan izan diren aldaketak eta lurreko paisaiaren bilakaera ezagutzeko. Eusko-kantauriar mendikateak Iberiar penintsularen iparraldeko bi ibai-sistema bereizten ditu: Kantauri itsasora isurtzen dena eta Mediterraneo itsasora isurtzen dena. Mendikateak bi isurialde bereizien banalerroa osatzen du, eta horien arteko kontrasteak aztertzen ari dira EHUko ikertzaileak.
Iván Martínek kalkulatu duenez, Eusko-kantauriar mendikatea sortu zenetik gaurdaino, isurialde atlantikoan 2.019 km³ arroka higatu da, eta mediterraneoan, 1.408 km³. «Higadura diferentzial bat gertatu da; isurialde atlantikoa gehiago higatu da eta horrek altxamendu isostatiko handiagoa eragin du bertan», adierazi du EHUko ikertzaileak. Gutxi gorabehera, erliebea 255 m altxatu da isurialde atlantikoan, eta 167 m mediterraneoan, beraz, 88 m-ko aldea dago bi isurialdeen arteko altxamenduan.
Bi isurialdetako 35 arroko ibaiak aztertu dituzte (13.190 km²), metodologia klasikoak eta modernoak erabiliz. «Orain arte mundu mailan ez da horrelako ikerketa asko egin, batez ere eremu glaziarretan. Hemen gertatu den doitze isostatiko ia guztia ibaien higadurak eragindakoa da, eta horrekin lotutako ikerketarik ia ez da egin», aipatu du.
Horren adierazgarri dira Jaizkibeleko eta Punta Galeako itsaslabarrak edota Nerbioi ibaiaren ur-jauzia, non erliebearen gorakada ondo ikusten den. «Oso eremu txiki batean, 40 edo 50 km-ko distantzian adibidez, sekulako kontrastea ageri da topografiaren eboluzioan», dio ikertzaileak.
Ikerketa honek lehenbizikoz kalkulatu du bi isurialdeetan zer deskarga gertatu den eta nolakoa izan den erantzuna. Horri esker, ulertu dute ibaien garapena, erliebearen aldaketa, bi isurialdeen arteko diferentziak, ibaien orientazioa (atlantikoan zeharkakoak, mediterraneoan luzetarakoak), eta zabalguneen kokapena.
Eusko-kantabriar mendilerroa Iberiak eta Eurasiak talka egin zutenean sortu zen, itsas sedimentu tolestuz osatua. Ibaiak gorputzeko zainak bezain sentikorrak dira, eta aldaketa guztiek beren marka uzten dute. Isurialde atlantikoko ibai-sarea garatuago dago, motzagoak dira, malda handia dute eta euri gehiago egiten du. Gainera, itsas mailaren aldaketek eragina dute; itsas maila jaisten denean, ibaiak desorekatu egiten dira eta gehiago higatzen dira. Duela 6 milioi urte inguru Mediterraneo itsasoa lehortu zenean (Messiniar garaiko gatz-krisia), itsas maila kilometro bat baino gehiago jaitsi zen, eta garai hartan isurialde mediterraneoko ibaietan higadura handia izan zela ikusi da.
Altxatzearen baskulazioari ere erreparatu dio ikertzaileak. Oro har, dena dago mendebalderantz baskulatuta, nahiz eta erdialdeko eremuan (Bilbo eta Gasteiz inguruan) altxamendua horizontal samar egon. Arro txikietan altxatze isostatikoa areagotu egiten dela ere ikusi da, ibai txikiak erraz aldatzen baitira eta kontrako aldera baskulatzen baitira.




