Batez beste, 534.000 joan-etorri erregistratu dira sartzeko eta beste horrenbeste irteteko, hau da, 2025ean baino ia %0,2 gutxiago. Mugikortasunaren jaitsiera hori, batez ere, apirilaren 1ean eta apirilaren 2an izandako prezipitazioekin lotuta dago, Aste Santuko irteera operazioaren egun nagusietan.
Mugaz gaindiko trafikoari dagokionez, Biriatuko mugan %6,4ko igoera nabarmena izan da 2025eko Aste Santuarekin alderatuta. Igoera hori, aurreikusitakoa baino askoz handiagoa, apirilaren 4tik Pazko Astelehenera (apirilak 6) izandako udako tenperaturei egotzi zaie.
Hiriburuetako sarrerei dagokienez, Bilborako trafikoa %4 jaitsi da, eta Donostiakoa, berriz, %2 igo da. Gasteizko datuak aurreko urtekoen antzekoak izan dira, aldaketa esanguratsurik gabe.
Istripuei dagokienez, 78 zirkulazio istripu izan dira EAEko errepideetan apirilaren 1etik 6ra bitartean, baina ez da hildakorik erregistratu. Bost pertsona larri zauritu dira. Istripu tasa %29 jaitsi da 2025aren aldean, iaz 110 istripu izan baitziren.
Trafiko fluxu handienak ohiko guneetan erregistratu dira, baina iazko Aste Santuan baino dentsitate txikiagoekin. Bizkaian, irteera operazioan, auto ilara handienak apirilaren 4an izan ziren, 11:45etik 13:30era, Muskiz parean, A-8 autobidean, bederatzi kilometrorainoko ilarekin. Gipuzkoan, AP-8an eta N-1ean ere ilarak izan ziren, batez ere Biriatuko ordainlekuaren inguruan eta Idiazabal parean. Araban, Armiñongo korapiloan sortu ziren ilarak, A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunean.




