Arrigorriagako ‘Emakume Sortzaileen Azokan’ izena emateko epea zabalduko dute irailaren 1etik 13ra. Azoka urriaren 3an antolatu dute, Teodosia Ortega parkean. Lamiaena Arrigorriagako Emakumeen Etxeak antolatutako bosgarren edizio honetan, aurreko urteetan bezala, askotariko jarduerak prestatu dituzte: ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak, zinema-saioak, erakusketak eta liburuen aurkezpenak.
Bestalde, 2026ko urtarrilaren 16an antolatu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa ren zortzigarren edizioa. Aurreko edizioan, 824 korrikalarik hartu zuten parte, aurreko urtean baino 100 gehiago. Lasterketa honetan, eguraldiak baldintzatuta, 583 gizonek (%70) eta 241 emakumek (%30) parte hartu zuten.
Osasun Sailak eta Osakidetzak 6,3 milioi euro ko aurrekontua bideratuko dute Arrigorriagako osasun-zentro berrirako. Lanek 2028ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte, Teodosia Ortega parkeko hegoaldeko muturrean. Eraikin berriak 1.564 metro koadroko azalera izango du eta hiru eremu berri izango ditu: familiako medikuntzakoa, ama-umeena eta fisioterapiakoa.
Arrigorriagako Udalak 6.000 euro bideratuko ditu datorren ikasturtean euskara ikasteko bekak ematera. Eskaerak egiteko azken eguna irailaren 30a izango da. Bekak udal Euskaltegian edo HABEk homologatutako zentroetan ikasi dutenentzat dira, eta Arrigorriagan erroldatuta egon behar da.
Herriko merkataritza sustatzeko, Arrigorriagako Udalak ‘Berriro’ sistema digitalaren aldeko apustua egin du. Bizkaidendak / Euskaldendak, ADECKAren eta Arrigorriagako Udalaren arteko aliantza estrategikotik jaiotako ekimen honek, erosle belaunaldi berriak betiko merkataritzarekin konektatzea du helburu, abantailak eta sariak eskainiz.
Bestalde, Madalenetako Giza Probak ekitaldian, Arrigorriagako Jaskoka Herri Kirolen Elkarteak ikuskizun paregabea eskaini zien herritarrei, beroari eta hezetasunari aurre eginez.




