Amaia Agirre Getxoko alkateak ez du alkatetzarako hautagaitza errepikatuko datorren legegintzaldian. EAJk ohar baten bidez jakinarazi duenez, Agirrek gutun bat bidali die alderdikideei bere erabakiaren berri emateko. Gutunean azaldu duenez, erabakia ez da erraza izan, baina "sakon hausnartu" ondoren hartu du, legegintzaldi hau amaitzean bere etapa udaletxean ere itxi egiten dela sentitzen baitu.
“"Erabaki meditatua da, konfiantzazko jendearekin partekatua, eta proiektua berrikuntzatik indartzen jarraitzeko konbentzimenduarekin hartua."
Agirrek azpimarratu du Getxok "pertsona berriei, begirada berriei eta bultzada berriei" bidea irekitzeko unea duela, udalerriak aurrera egiten jarrai dezan. Bere helburua, bere esanetan, Getxo udalerri moderno eta kohesionatu gisa eraikitzen jarraitzea da. Alkateak argi utzi nahi izan du bere konpromisoa "osorik" mantentzen dela eta agintaldiko azken egunera arte "dedikazio, ardura eta ilusio berdinarekin" lanean jarraituko duela. Azkenik, bere alderdikideei eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan emandako babesagatik.
Iñigo Ansolak, Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak, eskerrak eman dizkio Agirrerri egindako lanagatik eta bere agintaldian erakutsitako "inplikazio eta konpromisoagatik". EAJk jakinarazi duenez, 2027ko udal-hauteskundeetarako Getxoko zerrendaburua aukeratzeko prozesua "laster" jarriko dute martxan. Amaia Agirreren iragarpenarekin, alderdi jeltzaleak Getxoko alkatetzarako oinordetza prestatzeko denbora izango du, hiru urteren ostean hautagai berri bat aurkeztu beharko baitu.




