Eusko Jaurlaritzak eta Kunina Sports & Education-ek "Kirolaren Barruan Haurren Ongizatearen Astea" antolatuko dute urriaren 26tik 30era bitartean, Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Donostia-n. Ekimen honek kirol-ingurune seguruak, inklusiboak eta haurren eskubideekiko errespetuzkoak sustatzea du helburu, haurren ongizate fisiko, sozial eta bereziki emozionala kirolaren bidez bultzatuz.
Babesten Duen Kirola / El Deporte que Protege lelopean, jardunaldiak kirolariak, kirol-erakundeak, hezkuntza-arloko profesionalak eta haurrak bilduko ditu. "Jarduera fisikoak autoestimua sustatzen du, harreman sozialak indartzen ditu, loturak sortzen ditu eta trebetasun emozionalen garapenean laguntzen du. Baina onura horiek ingurune egokia behar dute. Emaitzekiko gehiegizko presioak, diskriminazioak, ahozko indarkeriak edo entzute faltak esperientzia positiboa izan beharko lukeena ondoezaren iturri bihur dezakete", adierazi du Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.
Ekimenak erakundeen, kluben, federazioen, familien, teknikarion eta kirol-arloko profesionalen erantzukizun partekatua nabarmendu nahi du, kirol-praktika gozamenerako, ikaskuntzarako, bizikidetzarako eta hazkunde pertsonalerako esperientzia izan dadin.
Haurren Ongizatearen Astea Eusko Jaurlaritzaren haurren politiken lehentasunetako bat da, eta horren arabera, babesteak ez du esan nahi indarkeria egoerak ekiditea bakarrik, baizik eta tratu ona, parte-hartzea, harreman positiboak eta ongizate emozionala sustatzen dituzten baldintzak sortzea ere. Honi jarraiki, Euskadiko Haur eta Nerabeen Legeak (otsailaren 15eko 2/2024 Legea) jasotzen du adingabeek kirola ingurune eskuragarri, seguru, osasuntsu eta inklusiboetan egiteko duten eskubidea.
Ekimenak Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeentzako V. Plan Interinstituzionalarekin ere lotura zuzena du. Plan horren helburu estrategikoen artean daude ongizate fisiko eta emozionalaren sustapena, ohitura osasuntsuak bultzatzea eta haurren aurkako edozein indarkeria mota prebenitzea. Horrela, Jaurlaritzak bereziki zentratuko da etxeetaz eta ikastetxeetaz gain, klubetan, kirol-instalazioetan eta eskolaz kanpoko jardueretan ere haurren ongizatea bultzatzera.
Asteak hainbat jarduera izango ditu, hala nola hitzaldiak, mahai-inguruak kirolariekin, ikastetxeetako tailerrak eta sentsibilizazio-jarduerak. Horietan parte hartuko dute Paula Leitón, Maribel Pérez, Polina Berezina, Carlos Gurpegi, Amaia Olabarrieta, Deniba Konare, Sandra Botas eta Naia Bilbao bezalako kirolari nabarmenek, beraien esperientziak eta gogoetak partekatuz. Era berean, haurren iritziak eta bizi-esperientziak entzuteari garrantzi berezia emango zaio, beraien beharrak ulertzeko eta kirol-praktika hobetzeko proposamenak bultzatzeko.




