Kongresua gaur aurkeztu da EITBren egoitzan, eta bertan izan dira Angélica Barco (EIDEko presidentea), Benicio Aguerrea (EIDE eta DISEINUZeko koordinatzailea) eta Jesús Cao (DISEINUZ Talks podcastaren zuzendaria). Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatu eta babesten dute ekimena, EIDEk gidatuta eta EITBren laguntzarekin.
Enpresa eta erakundeetako erabakitzaileei, berrikuntza arduradunei, diseinu profesionalei eta ikertzaileei zuzenduta, kongresuak perspektibak lotu eta lankidetzarako aukerak aktibatzea du helburu. Egitarauak hitzaldi nagusiak, erronkak, mahai-inguruak eta diziplinen arteko gurutzaketak uztartuko ditu.
Protagonisten artean izango dira Dawn Lim (DesignSingapore Councileko zuzendari exekutiboa), Uwe Cremering (iF Designeko CEOa), Nerea Aranguren (Danobatgroup-eko zuzendari nagusia) eta Jaime Moreno (Mormediko sortzaile eta CEOa). Santander, Eroski, Designit, Roche edo NTT Data bezalako erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute, diseinuaren inbertsioaren eragina, berrikuntza, osasun-zerbitzuak eta alternatiba jasangarriak jorratuz.
Diseinuak euskal kulturari eta enpresei egiten dien ekarpenaren aintzatespena
Kongresuak DISEINUZ Talks podcasta ere zabalduko du, eta bertan hiria, zaintzak, mugikortasuna eta etorkizuna bezalako gaiak jorratuko dira. Programa osoa eta sarrerei buruzko informazioa diseinuz.com webgunean kontsulta daiteke.




