Zumarraga euskal herri kirolaren hitzordu nagusietako baten agertoki izango da berriro. 1991n jokatu zen azkenekoz Euskadiko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketako finala herrian, eta 35 urte geroago, Beloki pilotalekuak hartuko du berriz ere, azaroaren 22an, igandean, 12:00etan.
Txapelketa ostegun honetan aurkeztu dute Zumarragako Azokan. Aurkezpenean parte hartu dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak; Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak; Leire Gerenabarrena erakunde bereko gerenteak; Izaskun Arruti Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteko zuzendaritzako kideak; eta aizkolariek.
Finalean sei aizkolari lehiatuko dira, hamabi kirolarik parte hartu duten kanporaketa fasea gainditu ondoren. Iker Vicente Saralegi, Julen Alberdi Zinkunegi, Hodei Ezpeleta Lopetegi, Eneko Otaño Aizpuru, Arkaitz Etxebeste Lizarazu eta Ibai Soroa Muguerza izango dira 2026ko Euskadiko Lehen Mailako txapela lortzeko lehian.
Finalistek lan gogorra egin beharko dute: 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste lau eta 72 ontzako beste lau moztu beharko dituzte, ahalik eta denbora laburrenean. Indarra, teknika eta erresistentzia neurtuko dituen proba izango da.




