Ordiziako Udala k 2026rako dirulaguntzen deialdia ireki du aisialdi-monitore eta zuzendari tituluak lortzeko ikastaroak egin dituztenentzat, baita kirol-formakuntzako ikastaroak euskaraz egin dituzten hezitzaile eta entrenatzaileentzat ere. Laguntza hauen helburua euskarazko formakuntza sustatzea eta aisialdi zein kirol arloetan bere erabilera indartzea da.
Aisialdi-monitore edo zuzendari titulua lortzeko laguntzak eskatu ahal izango dituzte Ordizian erroldatuta dauden eta 2024-2025 edo 2025-2026 ikasturteetan formakuntza amaitu duten pertsonek. Kirol-formakuntzaren kasuan, euskarazko ikastaroak egin dituztenek eta Ordiziako kirol-klub bateko entrenatzaile edo hezitzaile direnek edo udalerrian erroldatuta daudenek eskatu ahal izango dituzte.
Ikastaroak euskaraz emanak izan behar dira eta Eusko Jaurlaritzak homologatuak izan behar ditu. Gainera, aisialdi-monitore edo zuzendari titulua lortzeko ikastaroen kasuan, zati teorikoa zein praktikoa gainditzea eskatuko da.
Udalak 1.000 euroko aurrekontua bideratu du dirulaguntza hauetara. Laguntzak zuzeneko emakida prozedura baten bidez emango dira, baldin eta eskaerek deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 4ra arte egongo da zabalik, Herritarrei Arreta Egiteko Bulegoan (Kale Nagusia 26, beheko solairua), 08:00etatik 13:30era, edo telematikoki www.ordizia.eus webgunearen bitartez.
Eskaerak aurkezteko informazio guztia eta baldintzak Ordiziako Udalaren webgunean kontsulta daitezke.




