Elur Etxea taldearen Eros eta Afroditaren aitortzak musikala Goierrira itzuliko da, Udaberria Transloratzen zikloari hasiera emanez. 2025eko urrian Legorretan aurrestreinaldia egin ondoren, oraingoan formatu berezi batean aurkeztuko da, Ordiziako ikastetxeetako ikasleei zuzendutako emanaldi batekin.
Bihar, apirilaren 15ean, Jakintza eta Oiangureneko DBH4ko eta Batxilergoko ikasleek ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Andoni Mutiloa aktorearen arabera, musikalak lantzen dituen gaiak direla eta, formatu hau aproposa iruditu zaie. Emanaldiaren ostean, solasaldi bat ere egingo da ikasleekin.
Helduentzako saioa, berriz, ostiralean, apirilaren 17an, izango da, 20:30ean hasita, Ordiziako herri antzokian. Komedia musikal honen gai nagusia aniztasun sexuala da, eta Mutiloak azaldu duenez, harreman heterosexual monogamoetatik kanpo geratzen den unibertso zabalean jarri dute arreta.
“"Beste pertsonekin hain erraz partekatzen ez ditugun kontuei buruz hitz egingo dugu, besteak beste, gure sekretuez, desirez, frustrazioez, beharrez, ametsez…"
Antzezlanean desiraren eraldaketak, harreman luzeetan sor daitezkeen automatismoak eta fideltasuna bezalako gaiak jorratuko dira. Horrez gain, oraindik askorentzat ezezagunak diren kontzeptuak ere landuko dituzte, hala nola PrEP-a, chemsexa eta sexu transmisiozko infekzioen gorakada. Musikalaren helburua ikusleek ondo pasatzeaz gain, egungo gizartearen ezagutza zabalagoa lortzea eta norbere sexualitateaz gogoeta egitea da.
Formatu ertaineko ikuskizun honetan bi aktore arituko dira oholtza gainean: Esti Curiel eta Andoni Mutiloa bera. Eszena zuzendaritzaz Miren Gojenola arduratuko da. Musikalaren soinu-banda ere espresuki honetarako idatzitako 10 kantuz osatuta dago, Mutiloak berak sortutako hitz eta melodiekin. Pop estiloko abesti hauek laburrak, biziak eta itsaskorrak direla azpimarratu du.
Musikalaren sinopsiak Eneritz eta Josu protagonistak aurkezten ditu, herri berean bizi diren arren lagunak ez direnak. Ezohiko topaketa baten ondoren, biek euren harreman sexualak frustrazioz bizi izan dituztela konturatzen dira, baina egoera horri aurre egiteko bide ezberdinak aukeratu dituzte. Topaketa honek ondorio garrantzitsuak izango ditu bien bizitzan.




