Zegama-Aizkorri mendi lasterketako lehen proba, Kilometro Bertikala, jokatu da gaur arratsaldean, baldintza meteorologiko oso txarretan. Eurak, haizeak eta lokatza nagusi izan dira Zegama ko plazatik Itzubiaga ko txabolara jokatu den proban. Antolatzaileek, parte-hartzaileen eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko, ibilbidea laburtzea eta Iraulera igotzea saihestea erabaki dute.
Stian Angermund norvegiarra (32:47) eta Nienke Brinkman herbeheretarra (38:21) izan dira garaile. Biak ala biak, aurrez Zegamako maratoia irabazitakoak, nagusitasunez gailendu dira gaurkoan.
Eguraldiak okerrera egiteko iragarpena zela eta, goizean goiz erabaki zen ibilbidea aldatzea. Irteera Zegama ko plazatik egin da, 16:00etatik aurrera, bakarkako erlojupeko formatuan. Helmuga, berriz, Itzubiaga ko txabolan kokatu da, jatorriz ibilbide osoaren denbora-kontrola egiten zen tarteko puntu batean. Guztira, bost kilometro eta 760 metroko desnibel positiboa egin dute parte-hartzaileek, hasierako trazatuak baino gutxiago, hark Irauleko gailurreraino igotzen baitzuen.
“"Lurra oso labainkor zegoen; oraintxe bertan lokatz-zentimetro batzuen gainean nago zutik… eta izugarri gustatzen zait"
Gizonezkoetan, Angermundek sufritutako garaipena lortu du Dominik Tabor (33:15) eta Jose Antonio Bellido (33:31) herrikideen aurretik. Angermundek azaldu duenez, igoera osoan lehia bizia izan du, baina azken zatian tartea zabaltzea lortu du. "Jatorrizko bertikala egin ezin izan dugun arren, sekulakoa izan da igoera osoan zehar publikoa animatzen sentitzea. Horrek energia handia eman dit", adierazi du.
Lehen goierritarra Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan da, 13. postuan sailkatuta (35:43).
“"Lokatz ikaragarria zegoen eta tarte batzuetan zaila zen heldulekua aurkitzea, baina, hala ere, oso dibertigarria izan da"
Emakumezkoetan, Nienke Brinkman ek nagusitasunez irabazi du proba, Mirosława Witowska (39:48) eta Sladjana Zagorac (40:23) atzetik utzita. Naiara Irigoien burlatarrari laugarren postua egokitu zaio (40:58).
Brinkmanek lasterketa "oso ona" izan dela adierazi du, nahiz eta baldintzak zailak izan. "Oso pozik nago garaipenarekin eta, jakina, emaitza honek gehiagorako gogoz uzten nau", nabarmendu du.
Lehen goierritarra eta bakarra, Edurne Arakistain legorretarra izan da, 39. sailkatuta (54:22).




