Emaneurrek antolatutako ekitaldi honek Euskal Herriko garagardo ekoizleak bilduko ditu, beren produktuak ezagutarazteko eta sektoreko topagune izateko helburuarekin. 2015ean hasi zenetik, azoka erreferente bihurtu da, eta aurten ere garagardotegi erraldoi bat jarriko da Plaza Nagusian.
Guztira, hamalau garagardo ekoizlek hartuko dute parte, beren garagardoak zuzenean eskainiz. Horien artean daude Basabe (Legorreta), Kaneta (Hendaia), Baobeer (Elgeta), Iparra (Tolosa), Gross (Donostia), Atala (Burlata), Scimmia (Gasteiz), Garagart (Gasteiz), Brewery Land (Zumaia), Versum (Irun), Gerrigardo (Eskoriatza), Tensina (Jaka), Blas Tito (Gorliz) eta Zampano (Aizarnazabal). Ekoizle bakoitzak garagardo bat aurkeztuko du txapelketara, eta epaimahai batek Euskal Herriko garagardorik onena aukeratuko du, ikusmena, usaimena eta dastamena kontuan hartuta.
Garagardoaz gain, gastronomia eskaintza zabala ere izango da, hala nola txerria burruntzian, kroketak, Lazkaoko taloak, Dona Doni izozki artisauak eta Artzabaltzako ogi artisaua. Musika ere ez da faltako, Broken Brothers Brass Band txaranga iruindarraren eta Joseto Ta Alaiak elektrotxaranga urretxuarraren zuzeneko emanaldiekin. Gainera, haurrentzako ikuskizunak ere izango dira, Pontx pailazoaren eskutik.




