Matthew Fletcher Harrogate Nova Race Team taldeko txirrindulari britainiarrak irabazi du 32. Gipuzkoako Klasikoaren lehen etapa, Goierrin jokatu dena. Ormaiztegi-Ormaiztegi ibilbidea izan da lehen sektorea, eta bertan, sprintean gailendu da Fletcher. Kilometro bat falta zenean harrapatu ditu aurretik zihoazen bi txirrindulariak: Julian Kadrispahic alemaniarra (Cannibal Victorious), bigarren sailkatu dena, eta Pietro Solavaggione italiarra (Cannibal Victorious), hirugarren izan dena.
Klasikoa bi sektoretan banatuta jokatu da gaur Goierrin. Lehenengoak Ormaiztegi eta Ormaiztegi arteko ibilbidea osatu du, eta bigarrena erlojupekoa izan da, Ormaiztegi eta Gabiria artean. Bihar jokatuko da lasterketaren bigarren eta azken etapa, Egian, Donostian.
Erlojupekoan, berriz, Milo De La Mare CAMS Majaco taldeko britainiarrak lortu du garaipena, Ormaiztegi eta Gabiria arteko ibilbidea azkarren osatuz. Bigarren postuan Dexter Townsend (Harrogate Nova Race Team) eta hirugarrenean Loek Hovers (Willebrord Wil Vooruit) sailkatu dira.




