Maite Urteaga txirrindulari gipuzkoarrak ezustekoa eman zuen Gipuzkoako Itzuliko sarrerako erlojuaren aurkakoan, 3.7 kilometroko ibilbidean onena izan zelarik. Ondorengo bi etapa menditsuetan, berezko lurraldean, argi geratu zen ez zuela arazorik izango etapak irabazteko eta proba nagusitasunez menderatzeko. Bere nagusitasunak adierazten du maila bat gorago korritzea merezi duela.
Infantil mailan, Amaia eta Amalia ahizpak ere nabarmendu dira. Errepidean, Amaia Agirre nagusi izan da Gipuzkoa n, Errenterian garaipen berri bat eskuratuz eta mutilen artean 4. sailkatuz, neska guztien artean lehena izan zelarik. Bere ahizpa, Amalia, mutilen artean lehenengo 15en artean sailkatzea lortu zuen.
Euskadiko Infantil mailako Jokoetan, Amaia Agirre k brontzezko domina eskuratu zuen Amurrion hirugarren postuan sailkatuz, eta Amalia seigarren izan zen. Mutilen artean, Mikel Otaño izan zen Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ordezkaria. Hirurak BTTko Euskadiko Txapelketan arituko dira asteburu honetan, Oiartzunen.
Amaia Agirre Espainiako Txapelketetarako aukeratu dute eta EAEko selekzioarekin entrenatzen hasi da, ekainaren 20an Madrilen izango den txapelketarako.
Errenterian, alebin eta benjamin mailetan ere protagonista izan ziren Zumaiako Txirrindulari Elkartekoak. Benjaminetan, Aratz Aranburu nagusitasunez aritu zen. Kadeteek Durangon lehiatu zuten, non Xuban Arakistain eta Daniel Blanco izan ziren azkarrenak Viveros San Antongo txirrindularien artean. Lasterketa gogorra izan zen, bero handiarekin.
Jubenilek asteburu intentsiboa izan zuten: larunbatean Amurrion Euskadiko Txapelketa eta igandean Anoetan lasterketa bat. Lukas Blanco izan zen Viveros San Anton-Mardu taldetik lasterketa bukatu zuen bakarra, 37. postuan sailkatuz. Anoetan ere taldeko onena izan zen, 24. postuan.
Juniorrak Gipuzkoako Nazioarteko Klasikoan arituko dira larunbatean Ormaiztegin eta igandean Donostiako Egia auzoan, Europako txirrindulari onenen aurka. Ormaiztegiko etapa bi zatitan banatuko da: goizean iraupenekoa eta arratsaldean erlojuaren aurkakoa Ormaiztegi eta Gabiria artean. Euskal Herriko lasterketa garrantzitsuenetako bat da.




