Legazpiko biztanleek Santikutz Jaiak iristeko egunak zenbatzen dituzte jada. Martxoan, Olaria saria judo klubari emango zaiola iragarri zen. Aste honetan, berriz, familia eta haurrentzako bazkarirako eta Mirandaola eguneko bazkarirako txartelak salgai jarri dira, eta ostiralean hasiko dira herri danborradaren entseguak.
Herri danborradaren entseguak apirilaren 10ean, 14an, 17an, 21ean eta 24an izango dira, arratsaldeko 20:00etan, Haztegi Ikastolako frontoian. Haur eta gazteen danborradaren entseguak, berriz, apirilaren 14an, 16an, 20an eta 22an izango dira, arratsaldeko 18:30ean, leku berean. Haur eta gazteen danborradaren entsegu orokorra, musika bandarekin eta Trapalata txarangarekin, apirilaren 28an izango da, asteartea, arratsaldeko 20:00etan, Olamendi Eskolako estalitako kantxan. Herri danborradaren entsegua egun eta leku berean izango da, 21:00etan.
Herri bazkariei dagokienez, familia eta haurrentzako bazkaria maiatzaren 2an izango da, larunbata, 14:00etan. Jaiak familian bizitzea da helburua, eta ohi bezala, bakoitzak bere janaria eraman ahal izango du. Hala ere, aurreko urteetan bezala, Lekanazpi elkarteak haragi eta barazki paellak prestatuko ditu. Txartelaren prezioa 6 eurokoa da, eta txartelak erosteko azken eguna apirilaren 24a da.
Mirandaola eguneko herri bazkaria maiatzaren 10ean, igandea, ospatuko da. Bertara ere etxetik janaria eraman ahal izango da, edo Lekanazpi elkarteko kideek prestatutakoa jan. Aurten, euskal labeldun untxi kaldereta prestatuko dute, eta iaz bezala, Legazpiko Udala arduratuko da postreaz. Edaria Mirandaola parkeko tabernan erosi ahal izango da, edo etxetik eraman. Bazkariko txartelen prezioa 7 eurokoa da, eta txartelak erosteko azken eguna maiatzaren 6a da. Txartelak Gurrutxaga, Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan daude salgai.
Jaiak apirilaren 30ean hasiko dira ofizialki, baina jai giroa astebete lehenago iritsiko da Urola Garaiko herrira, Korosti dantza taldeak antolatutako Oin Puntetan Asteburua ekitaldiaren hirugarren edizioarekin. Apirilaren 25ean, larunbata, 22:00etan, Urbeltz frontoian, Xabi Solanok kontzertua eskainiko du, Kimuak eta Korosti dantza taldeekin batera. Kontzerturako sarrerak 10 eurotan daude salgai Gurrutxaga eta Laubide tabernetan, Laubide estankoan eta Oskarbi optikan, baita vivetix.com webgunean ere. Kontzertu egunean, 12 eurotan salduko dira Urbeltz frontoian. Oin Puntetan Asteburua apirilaren 26an, igandea, osatuko da, Dantzari Txiki Egunarekin.




