Jaialdi honek Euskal Herriko musika eta dantza eskolen arteko topagune garrantzitsua eskaintzen du. Doinua bertako musika eskolak antolatuko du, Legazpiko Udalaren laguntzarekin eta Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babes eta finantzaketarekin.
“"Ekitaldiak euskal kulturaren eta hezkuntza artistikoaren erakusgarri zabala eskainiko du."
Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da Euskal Herria plazan, irekiera ekitaldi batekin. Ondoren, 'Musikaldi' jaialdia Legazpiko bost gunetan banatuko da, 10:30etik 14:30era bitartean emanaldiak eskainiz. Euskal Herria plazan banda eta orkestra kontzertuak izango dira, Urbeltz frontoian abesbatza kontzertuak, Kale Nagusian dantza emanaldiak, Agirre Etxeberri aurrean ganbera musika kontzertuak, eta Laubide oinezkoen kalean konbo kontzertuak. Horrez gain, kalejirak ibiliko dira kaleetan zehar goiz osoan.
Aurtengo 'Musikaldi' jaialdiaren gaia kulturartekotasuna izango da. Horren inguruan, Legazpiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek proiektu bat garatu dute, eta irekiera ekitaldian aurkeztuko dute.
“"Herri osoa animatzen dugu gurekin batera egun honetaz gozatzera, topagune, truke eta ospakizun espazio paregabea izango baita musikaren eta dantzaren bidez."




