Lazkaok Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren jaiotzaren mendeurrena gogoratuko du bihar, apirilak 18, Lazkao Txiki Zelaian egingo den ekitaldi berezi batekin. 2001etik urtero antolatzen den Lazkao Txiki Gogoan ekimenak aurten esanahi berezia hartuko du, bertsolariaren jaiotzaren 100. urteurrena baita.
“"Lazkao Txiki euskal kulturan gizon jantzia zen. Umeak gustatzen zitzaizkion eta euskara zuen bihotzean. Ardatz horiek hartuta antolatu izan ditugu urteroko ekintzak. Eta jarraitzeko asmoa daukagu."
Joxepa Madariaga, Gerriko elkarteko koordinatzaileak, Lazkao Txiki gogoratzearen garrantzia azpimarratu du, bertsolariaren euskal kulturarekiko eta euskararekiko konpromisoa nabarmenduz. Gerriko elkarteak, elkarlanean aritzeko duen filosofiari jarraituz, Lazkaoko beste kultur eragile eta udalarekin batera antolatu du ekitaldia. Hasieratik, omenaldi hitza baztertu eta bertsolariaren figura haurrei transmititzea izan da helburu nagusia, horregatik ekitaldian haurrek protagonismo berezia izango dute.
Bihar, 12:30ean hasiko den ekitaldian, Goierriko eta Lazkaoko hainbat kultur eragilek parte hartuko dute, besteak beste, Lazkao Txiki musika-eskola, Oin Arin dantza-taldea, Bakuntza taldeak eta Goierriko Bertso-Eskolak. Horiez gain, Lazkao Txiki ezagutu zuten bost bertsolari ere arituko dira kopletan: Eusebio Igartzabal, Iñaki Murua, Milan Telleria, Iñaki Apalategi eta Iban Urdangarin. Gipuzkoako bertso-eskolen eguna ere Lazkaon ospatuko da, eta ikasleek bertsolariaren marrazki bizidunetako bi bertso kantatuko dituzte.
Ekitaldiaren ondoren, 14:00etan, bertso bazkaria egingo da Gerriko elkartean, 50 lagun ingururekin. Bazkalosteko saioan, June Aiestaran, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo arituko dira bertsotan, Aizpea Garmendia gai-jartzaile lanetan.




