Lazkaon Palestina Eguna ospatuko da larunbatean, egun osoan zehar luzatuko diren ekintza ezberdinekin. Ekimen hau herriko eragile eta norbanako askoren elkarlanari esker gauzatuko da, helburu nagusi gisa Israelgo Estatuak Palestinaren aurka egiten ari den genozidioa salatzea duelarik.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldiaren xedea da herriko eragileekin elkartasun sarea ehuntzea eta lazkaotarren artean Palestinarekiko sentsibilizazioa, elkartasuna eta laguntza dinamizatzea. "Egun honen helburuak bat egiten du gure taldearenarekin", adierazi du Lazkao Palestina herri ekimenak.
Ekimenarekin bat egin duten talde eta norbanakoen artean daude Oin Arin dantza taldea, Lazkao Txiki musika eskola, Ikastola, Maizpide, EH Bildu, Sortu, Gazte Asanblada, Kimu taldea, Gerriko elkartea, Konpartsak, JTK, batukada, Talde feminista, Lazkao Anitza, Bakuntza, Antzar korrikalariak eta Lazkaoko Udala. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten guztiei.
Egitarauari 11:00etan emango zaio hasiera kale animazioarekin. Ondoren, ipuin kontaketa (12:00), falafel pintxoak dastatzeko aukera (12:30), Palestinako dantza ikuskizuna Watani eta Oin Arin taldeen eskutik (13:00) eta Palestinari buruzko hitzaldia (13:45) izango dira goizean.
Eguerdian, 14:30ean, herri bazkaria egingo da plazan. Tiketak Gerri, Herri eta TPT tabernetan eskuratu daitezke, langileentzat 20 euroan eta ikasle edo langabeentzat 15 euroan.
Arratsaldean, 16:30ean, palestinar abeslarien Ahmed eta Nur kontzertua izango da, Lazkaoko musika eskolaren eta Leire Agirreren parte hartzearekin. 19:00etatik aurrera, JTK taldeko talogileak arituko dira, eta 20:00etan, Erdoyik P talde lazkaotarraren kontzertuarekin amaituko da eguna.
Lazkao Palestina Herri Ekimena 2025eko irailean sortu zen. Taldeak salatu duenez, 2023ko urritik hona "72.600dik" gora hildako eta "172.000tik" gora zauritu izan dira Gazan, eta laguntza humanitarioa, sendagaiak eta elikagaiak sartzea ere blokeatu dela gaineratu du.
Herri ekimenak jarrera orokorra dela azpimarratu du genozidioaren aurkakoa, eta lazkaotarrei zein oro har goierritarrei "maitasun oihuak ozen irits daitezen Palestinara" deialdia luzatu die.




