Ordiziako Moana taldeko gimnastek arrakastaz bete dute beren lehen denboraldia, Gipuzkoako Txapelketan parte hartuz. Klubaren estreinaldi honek emaitza bikainak utzi ditu, talde guztiek finalerako sailkapena lortu baitute, eta horietako askok Euskadiko Txapelketarako ere txartela eskuratu dute.
Amateur mailan, kadete eta jubenil mailako bi taldek parte hartu zuten. Biak sailkatu dira Euskadiko Txapelketarako. B mailako kadeteak (Naroa, Mara, Irati, Uxue eta Naira) txapeldunorde izan dira Gipuzkoan, eta A mailako jubenilek ere (Maren, Maddi, Eneritz, Nora, Nerea eta Lucia) zilarrezko domina eskuratu dute maila berean.
Eskolar mailan, alebin eta infantiletako bi taldek Euskadiko Joko Eskolarretarako sailkapena ziurtatu dute. B mailako alebinek (Aiora, Elene, Maddi, Ane, Carla eta Blanca) zortzigarren postuan lortu dute pasea, eta A mailako infantilek (Irati, Uxue, Deiane, Maelie eta Itxaro) bigarren postua eskuratu dute. Bestalde, C mailako alebinek (Anne, Iera, Lucia, Arianna, Ane eta Leire) zilarrezko domina irabazi dute.
Urte amaierako emanaldia eta datorren ikasturterako izen-ematea
Egindako lana ospatu eta ikasturteari agur esateko, ekainaren 19an Tolosako Usabal kiroldegian urte amaierako emanaldia eskainiko du klubak, 19:00etan. Gainera, datorren ikasturterako izen-ematea zabalik dagoela gogorarazi dute, eta interesa dutenek grmoanaordizia@gmail.com helbidera idatz dezakete.




