Getariako Txakolin Eguna Azpeitian, Sanjuandegin ospatuko dute aurten

Bederatzigarrenez egingo den festa hau auzoko jaietara batu da, giro paregabea sortuz.

Irudi generikoa: Txakolin baso bat, atzealdean paisaia euskal herrikoa.
IA

Irudi generikoa: Txakolin baso bat, atzealdean paisaia euskal herrikoa.

Getariako Txakolinaren Eguna Azpeitian ospatuko da aurten, bederatzigarrenez, Sanjuandegin, Jose Antonio Agirre plazan, bertako festekin bat eginez.

Txakolin zaleek hitzordu garrantzitsua dute datorren zapatuan Azpeitian. Aurten, bederatzigarrenez, Getariako Txakolinaren Eguna ospatuko da, eta berrikuntza nagusi bat izango du: Sanjuandegin izango da, Jose Antonio Agirre plazan, auzoko festekin batera. Aurreko urteetan Perez Arregi plazan egin izan da festa, baina aurten bi ekitaldiak elkartzea erabaki dute, festa herriko bi puntutan banatu beharrean zentzu handiagoa duelakoan, Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak adierazi duenez.
Azpeitian "errotuta" dagoen hitzordua dela nabarmendu du Odriozolak, eta urtero "giro ederra" sortzen dela. Aurten ere hala espero dute, izan ere, herritarrek Getariako txakolina izen deitura duten zortzi upategitako edariez gozatzeko aukera izango dute 12:30etik 14:30era bitartean. Sei euroren trukean, kopa bat eta bost txakolin dastatzeko txartelak eskuratu ahal izango dira.
Gainera, edariari laguntzeko, Premietxeberri baserrikoen gazta pintxoak eta Eusko Labelen solomo mokaduak ere eskuragarri izango dira, 2,5 eurotan. Azpeitiko Gaixoen eta Elbarrien Aisialde Taldeak banatuko ditu pintxoak. Dastaketa egingo duten bi ordu horietan, Bankako Menditarrak taldeko kideek girotuko dute ekitaldia.
Honako upategi hauetako txakolinak izango dira dastagai: Aizpurua, Akarregi Txiki, Arregi, Basa Lore, Gaintza, Gañeta, Rezabal eta Txomin Etxaniz. Ekitaldia Azpeitiko Udalak eta Getariako Txakolina Jatorri Deitura elkarteak antolatu dute.