Ekitaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak 2025. urterako turismo programen ziurtagiriak banatu ditu. Goierrik egindako lana nabarmendu da, bereziki Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa programaren baitan. Programa honek turismo arduratsua sustatzen du, jasangarritasuna, berdintasuna, tokiko kulturaren babesa eta sektoreko langileen eskubideak ardatz hartuta.
Goierriko 18 enpresa turistikok gainditu dute ebaluazio prozesua, zerbitzuan eta kudeaketan etengabeko hobekuntza erakutsiz. Horien artean daude Ataungo turismo bulegoa, Beasaingo Dolarea hotela eta Igartza Jauregia, Erro zerbitzu turistikoak, GOITUR, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa, Lazkaoko Urtaro bidaia agentzia, Ordiziako D’Elikatuz Interpretazio Zentroa eta Ediren Bidaiak, Ordiziako Ordizia hotela, Ormaiztegiko turismo bulegoa, Segurako Imaz hotela eta Erdi Aroko Interpretazio Zentroa, Zegamako Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroa eta Arrieta Haundi nekazalturismoa, eta Zeraingo turismo bulegoa, Oiharte sagardotegia eta Aizpeako Interpretazio Zentroa.
Gainera, Enpresa Turistiko Adimendunaren programak ere emaitza positiboak ekarri ditu eskualdera. Euskadin parte hartu duten 25 erakundeetatik 21ek amaitu dute prozesua, eta horien artean Ordiziako d’Elikatuz Zentroa eta Zeraingo turismo bulegoa daude. Programa honek datuen analisiaren garrantzia azpimarratzen du kudeaketa eta erabakiak hartzeko.
Azkenik, Goiturrek berak ere Helmuga Turistiko Adimenduna programaren ziurtagiria jaso du, bere lan integrala aitortuz. Goiturrek turismoaren plangintza eta kudeaketa uztartzen ditu jasangarritasuna eta teknologiarekin, Goierri helmuga erakargarriago eta eraginkorrago bihurtzeko helburuarekin. Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua izan zen ziurtagirien banaketa ekitaldian.




