Proiektu honen helburua 1936ko gerraren eta, oro har, gerren ondorioak haurren bizipenetatik ezagutzea da, memoria historikoa lantzea eta enpatia, giza eskubideak eta bakearen balioak sustatzea. Horretarako, antzerkigintza erabili dute tresna nagusi gisa, gerra garaiko hainbat umeren testigantzak irudikatu eta adierazteko.
Euskal Herriko hainbat ikastetxek hartu dute parte ekimenean, hala nola Iurretako Juan Orobiogoitia, Duranako Ikasbidea, Durangoko Fray Juan de Zumarraga eta Bilboko Ibarrekolanda. Ikasleek talde-lanean aritu dira, testigantzak ezagutu, interpretatu eta eszenaratu dituzte, adierazpen artistikoa eta hausnarketa kritikoa landuz.
Prozesuan zehar sortutako baliabideak ikasturte amaieran erakutsiko dira. Gainera, ikasle talde batek, boluntario gisa, proiektuan parte hartu duten ikastetxe guztien artean prestatutako ikuskizunean hartuko du parte. Iparragirreko gazteak arduratuko dira gerra garaiko haurren testigantzak antzerkiratzeaz. Emanaldi hauek aukera paregabea izango dira ikasleen lana ezagutzeko eta proiektuaren zentzua herritar, familia eta ikaskideekin partekatzeko. Gidoia Joseba Sarrionandia idazleak egin du.
Intxorta Elkarteak sustatutako ekimena da, 2025-2026 ikasturtean zehar garatu dena. Gazteek hilabeteak daramatzate antzerki munduan adituak diren Oier Agirre eta Nerea Lizarralde rekin prestatzen, eta entsegu kopurua areagotu dute emanaldien hurbiltzearekin batera. Estreinaldia Barakaldoko Clara Campoamor antzokian izango da, apirilaren 24an, ostirala, 19:00etan. Ondoren, emanaldiak Donostia, Gasteiz eta Gernikara eramango dituzte.
Lau emanaldi izango dira guztira:
- Apirilak 24, ostirala, Barakaldon, Clara Campoamor antzokian, 19:00etan.
- Maiatzak 8, ostirala, Donostian, Antzoki Zaharrean, 19:30ean.
- Maiatzak 15, ostirala, Gasteizen, Salburua Aretoan, 19:00etan.
- Maiatzak 22, ostirala, Gernikan, Lizeo antzokian, 19:00etan.
Ikuskizunera joan nahi dutenek antzoki horietako bakoitzaren webgunearen bidez eskuratu beharko dituzte sarrerak. Urretxu eta Zumarragako herritarrei gonbita luzatzen zaie herriko gazteak parte izango dituen ikuskizunera hurbiltzeko.




