Gabiriako bertsolaritza, 'Hitzetik Hortzera' saioaren ardatz

Eresti Oiarbide Murua ikertzaileak herriko bertsozaletasunaren transmisioa aztertuko du telebistan, Osinalde Sariaren bertsoaldi onenekin batera.

Mikrofono bat podium txiki batean, atzealdean ikusle-eserleku lausoak dituen areto argitsu batean.
IA

Mikrofono bat podium txiki batean, atzealdean ikusle-eserleku lausoak dituen areto argitsu batean.

Gabiriako bertsozaletasunaren historia eta transmisioa izango dira ardatz ETB1eko 'Hitzetik Hortzera' saioan, non Eresti Oiarbide Murua ikertzaileak bere lana aurkeztuko duen, Osinalde Sariaren 54. edizioko bertsoaldi onenekin batera.

Gabiria herri bertsozale gisa ezaguna da, eta horren harira, herritar talde batek bertsozaletasun horren transmisioa ikertu du. Ikerketa horren emaitza da Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian liburua. Talde horretako kide izan zen Eresti Oiarbide Murua, eta aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan ikerketa horren nondik norakoak azalduko ditu.
Oiarbidek eta Maialen Akizu Bidegainek 2021ean Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak esleitutako ikerketa beka bat eskuratu zuten. Ikerketa horren bidez, Gabirian bertsozaletasuna noiz sortu zen zehaztu ezin izan duten arren, liburuan hainbat gako bildu dituzte. Oiarbidek gako horiei, Gabiriako bertsoaren ekosistemari eta erreferenteei buruz hitz egingo du programan.
Halaber, Gabiriako bertsozaletasunaz hitz egitean ezinbestekoa da Osinalde Saria aipatzea. 1973an sortu zen sari hau, eta ordutik Gabiriari eta bertsolaritzari egindako ekarpenaz arituko da Oiarbide saioan. Joan den larunbatean jokatu zen 54. Osinalde Saria, eta bertako bertsoaldi onenak entzun ahal izango dira larunbatean, 21:00etan, ETB1en.