Udaberriro bezala, azken sei urteetan, Ordiziako Udala k Udaberria Transloratzen, Ordizia Transformatzen zikloa antolatu du LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ezagutzera emateko. Horretarako, datozen asteetan hainbat jarduera egingo dira aniztasuna balioesteko eta LGTBIfobiaren aurkako kontzientziazioa sustatzeko.
Jarduera gehienak maiatzean izango dira, baina lehenengoa aste honetan bertan egingo da. Ostiral honetan, apirilaren 17an, Elur Etxea konpainiaren Eros eta Afroditaren aitortzak musikala antzeztuko da Herri Antzokian. Miren Gojenolak zuzenduta, Esti Curiel eta Andoni Mutiloa aktoreekin eta Iñaki Santos musikariarekin eszenatokian, obra honek sexu-aniztasuna jorratzen du herri bereko bi ezagunen bidez. Abestiak Iñaki eta Andonik berariaz sortu dituzte obra honetarako.
Sarrerak salgai daude internet bidez Kutxabanken, edo Herri Antzokiko leihatilan, 12 eurotan. Gainera, asteazken honetan funtzio berezi bat eskainiko zaie DBHko ikasleei.
Programazioak maiatzaren 6an jarraituko du, Berdindu orientazio zerbitzua eskainiko den egunean. Sexu-orientazioari eta genero-identitateari buruzko arreta, informazioa eta aholkularitza emango du, bai LGTBI+ pertsonei, bai haien senideei eta inguruko pertsonei zuzenduta. Zerbitzua irekia izango da, baina aurretiko hitzordua ere eska daiteke berdindu.gipuzkoa@euskadi.eus helbidera idatziz edo 688 769 865 (WhatsApp) eta 900 840 128 telefono-zenbakietara deituz.
Era berean, maiatzean Galtzagorri elkartearen Itsaspeko bihotzak erakusketa didaktikoa irekiko da, haur eta gazteei zuzendutako saioekin. Familientzako saio ireki bat ere izango da maiatzaren 14an.
Halaber, beste urte batez, Zinegoak zinema zikloko filmak eskainiko dira. Bilbon ospatzen den LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdi honek sexu-, identitate- eta genero-aniztasuna sustatzen du zinemaren bidez, sentsibilizazioa eta kultura uztartuz. Ziklo honen proiekzioa Herri Antzokian izango da, maiatzaren 7an. Amaitzeko, maiatzaren 28an, Ana Jaka ipuin-kontalariak ¿Soy una marimacho, y qué? ahozko narrazioa eskainiko du Barrena Kultur Etxean, 6 urtetik gorako publikoari zuzenduta.
Herritar guztiei irekitako programazioarekin batera, ikastetxeetan adin-tarte desberdinetara egokitutako hainbat tailer emango dira. Besteak beste, LGTBIQ+ errealitateen ikusgarritasunari eta bizipenari buruzko saioak izango dira DBHko 1. mailako ikasleekin, baita pertsona transen esperientziak ezagutzera emateko tailerrak ere DBHko 3. mailako ikasleekin.




