Mondragon Unibertsitateko Goierriko campusek bere 25. urteurrena ospatu du gaur Ordizian, Imanol Pradales Lehendakaria eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren parte hartzearekin. Ekitaldian izan dira, baita ere, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, hainbat erakundetako ordezkariak, eskualdeko alkateak eta enpresa munduko ordezkariak.
Lehendakariak azpimarratu du Goierriko ekosistemak garapen iraunkor eta gizatiarraren eredua islatzen duela, inor atzean utzi gabe. "Gipuzkoa Euskadin indartu nahi dugun ereduaren adibide bikaina da, industria, berrikuntza eta gizarte-kohesioa uztartzeko duen gaitasunagatik. Eta Goierri da horren abangoardia, industria-ehun aurreratu, espezializatu eta balio handikoarekin. Enpresa txiki edo ertain asko, beren nitxoan liderrak direnak. Txapeldun ezkutuak", adierazi du Pradalesek.
Hala ere, Lehendakariak ohartarazi du Euskadik "herrialde funtzionala" izaten jarraitzeko ezin dela iraganaren "errentetan" bizi, eta horregatik eskatu du autoexigencia indibidual eta kolektiboa aplikatzea. Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren ahalegina gogorarazi du, besteak beste, Plan Industrialaren 19 proiektu eraldatzaile abian jarriz, ia 1.000 milioi euroko inbertsioarekin; Euskadiko sare elektrikoaren plangintza berria lortzeko bultzada; edo proiektu estrategikoen epeak %75 arte arintzeko "erregulazio-autobide" baten eskaera.
Campusa 2001ean sortu zen, Goierriko Herrien Ekintza Fundazioaren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, eskualdeko gazteei unibertsitate-ikasketak egiteko aukera eskaintzeko eta bertako industria-beharrei erantzuteko helburuarekin. Proiektu horrek, gainera, Mondragon Unibertsitatearen lehen urratsa izan zen Debagoienatik kanpo.
Harrezkeroztik, Goierri Campusek ingeniaritza-formakuntzaren eta enpresa-munduaren arteko lotura indartu du. Gaur egun, 179 ikasle ditu 2026-2027 ikasturtean, %32 gehiago 2022-2023 ikasturtearekin alderatuta. Ingeniaritza Mekanikoko Graduaz gain, aurten Mekatronika Ingeniaritzako Graduaren seihileko bat txertatu da.
Formakuntza-eskaintzaren hedapenaz gain, Lanbide Heziketatik unibertsitaterako trantsizioa errazteko neurriak ere hartu dira. Hala, goi-mailako zikloetan tituludunei kredituak aitortzen zaizkie, eta horrek aukera ematen du ingeniaritza-gradua hiru ikasturtetan osatzeko. Horri gehitzen zaio enpresekin elkarlanean garatutako prestakuntza duala, ikasleei ikasketak lan-esperientziarekin uztartzeko aukera eskaintzen diena.
Ekitaldi-ospakizunean parte hartu dute Lehendakariak, Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko presidente Adur Ezenarrok eta Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxak. Ondoren, CAFeko presidente Andrés Arizkorretak, GOILAN Fundazioko presidente Asier Lekuonak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusi Carlos García Ruizek 25 urteko lankidetzaren balantzea eta etorkizuneko erronkak landu dituzte.
Ekitaldiaren amaieran, Lehendakari Imanol Pradalesek campusaren instalazioak bisitatu ditu eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du ikasleek garatutako hainbat proiektu.




